Azaroaren 30ean ospatu zen Lekeitioko 42. Euskal Zine Bileraren itxiera ekitaldi barruan iragarri zuten Benito Ansola V. Sariaren irabazlea. Amancay Gaztañaga sortzaileak eta Lara Izagirre zuzendariak Oier Fuentesen Emisio Etena lana izendatu zuten edizio berri honetako garaile.

Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak euskal kultura zabaltzeko eta gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten laguntzeko antolatu dute bostgarren Benito Ansola Saria, EHUko Mikel Laboa katedraren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzaren laguntzarekin.

Amateurrak profesional bihurtzeko baliatu dezakeen giltza da deialdia, eta euskarazko zinemagintza bultzatzekoa, halaber. Izan ere, Benito Ansola sariak profesionalizaziorako bidean dauden euskarazko ikus-entzunezko sortzaileei laguntzeko eta euskarazko zinemagintzan harrobia sortzeko helburua du.  Irabazleak, 3.000 euroko saria jasotzeaz gain, bere lanaren gaineko ikusmira sortuko du, Euskal Zine Bileran estreinatuko baita gauzatzen duen proiektua.

Bada, bosgarren edizio honetan parte hartu nahi izan duten gazteek, proiektuak (fikzioa, sortzailea, animazioa edota dokumentala) 2019ko irailaren 20a baino lehen aurkeztu behar izan zituzten. Amancay Gaztañagak eta Lara Izagirrek aukeratu dituzte Benito Ansola V. Sariko hiru finalistak, eta azaroaren 30a izan zen lanak defendatzeko eguna. Goizean hiru finalistek Amancay Gaztañaga eta Lara Izagirre zuzendarien aurrean azaldu behar izan zituzten proiektuaren nondik norakoak egile bakoitzarekin izandako bilera pribatu batean. Bertan epaimahaikideak proiektuaren inguruan izan dituzten zalantzak argitzeko beta ere izan zuten.

Arratsaldean berriz, Lekeitioko Kultur Etxean batu zen publikoaren aurrean laurkeztu behar izan zuten. Defentsa publikoak bukatu ostean, Lara Izagirre eta Amancay Gaztañagak proiektu irabazlearen izena iragarri zuten: Oier Fuentes egilearen Emisio Etena lana, hain zuzen ere. Poztasun eta besarkaden artean  jaso zuen 3.000 euroko txekea, eta 2020ko irailaren 4ra bitarteko epea izango du orain ikus-entzunezkoa bukatu eta antolakuntzari helarazteko.

Lara Izagirre eta Amancay Gaztañagaren esanetan: “Oso zaila izan da saridun bat aukeratzea. Aurkeztutako lanen kalitatea eta atzetik egon den lana oso maila handikoa izan da eta beraz denak saritzeko modukoak izan dira. Baina kontutan izan dugu batez ere, proiektuaren heldutasun maila eta momentu honetan bultzadarik handiena behar duena”.

Airean galdutako uhinak

Arantza Irratia izan zen frankismoari desafio eginez euskara hutsean kanpandorre batetik emititzen azken emisora parrokiala, eta hori izango da Oier Fuentesen kontakizunaren oinarria. Arantzako (Nafarroa) apaizek Elizaren hitza zabaltzeko aitzakiarekin, herritarrak informatu eta kultura hurbiltzeko tresna bat sortu nahi izan zuten auzolanean. 5 urtez zentsura gainditu zuen, indarrez itxi zuten arte. Egilearen esanetan, “airean galdu ziren uhin iraultzaile haien arrastoa jarraituko dugu, bidean, egun desagertzear dauden bestelako komunikazio kodeak ezagutu eta bizi dugun garaiari buruz hausnartzeko, gurea ere ez dadin izan emisio eten bat”.