Drama eta komedia uztartzen dituen euskal road tripa prestatu du Lara Izagirre zinemagile zornotzarrak, bere bigarren film luzea, eta abuztuaz geroztik Bizkaiko hainbat txokotan zein Lapurdin errodatzen izan da. Durangoko Azoka baliatuko du aurkezpen ofiziala egin eta filma izango denaren lehen irudiak zabaltzeko.

Ehunka eragile, ekoiztetxe, sortzaile jasoko ditu Durangoko Azokak datozen egunetan. Berrikuntzak aurkeztu, ale zaharrak berreskuratu, eta solasaldiz, elkarrizketaz, antzerkiz, doinuz eta irudiz beteko dute Landako erakustazoka. Urteak eman dituen sorkuntza lanak ez ezik, garatze bidean dauden proiektuak ezagutzeko parada izango da ere, tartean, Nora ikus-entzunezkoa.

Lara Izagirre gidoilari eta zuzendariaren bigarren film luzea da Nora, Ane Pikaza bilbotarra protagonistatzat duen komediazko filma. “Nora kazetaria da, eta orain arte besteentzat bizi izan da. Hala, bidaia baten bitartez bere burua erdigunean jartzen ikasiko du”, azaldu du Izagirrek. Horretarako, road trip moduko bat egingo dute Euskal Herrian zehar, Zornotzatik Ezpeletera, eta ibilbide laburra izango bada ere, pertsonaiarentzat aldaketa handiak ekarriko ditu. Bidean, besteak beste, Ramon Barea, Clara Badiola, Loli Astoreka eta Joseba Usabiaga aktoreek antzeztutako pertsonaiekin egingo du topo.

Filma euskal geografian zehar grabatu du udan, eta edizio fasean dago orain. Durangoko Azokak eskaintzen duen erakusleihoa baliatuko du aurkezpen ofiziala egiteko, eta primizian erakutsiko ditu bertan filmaren lehen irudiak. Abenduaren 7an izango da, 12:00tan Irudienean, Durangoko Zugaza zineman. Zuzendariak eta etorriko diren beste gonbidatu bereziek gerturatzen direnen galderak erantzun eta proiektuaren nondik norakoak elkarbanatuko dituzte.