Lursaguak animaziozko film laburrari esker eskuratu du Euskal Zine Bileraren sari nagusia Izibene Oñederra zinemagile azkoitiarrak. Larunbatean ospatu zuten sari banaketa, 42. edizioari amaiera eman zion ekitaldi jendetsuan.

4. Euskal Zine Bileraren irabazleen talde-argazkia.

Euskara eta zinema batzen dituen jaialdiak, Euskal Herriko ikus-entzunezko sektorearen atal ezberdinak bilduko ditu, berriz ere, zinemako profesional eta zaleak biltzeko gunea eraikiz. 20 filmek igaro zuten hautespenaren langa, eta azaroaren 25etik 28ra bitartean, ikusleen oroimenean denbora luzean egongo diren emanaldi zein aurkezpenetan proiektatu dituzte. Horien artean, artean hiru izan dira Kepa Errasti, Lara Izagirre eta Igor Rezola epaimahaikideen iritziz gailendu direnak. Antolatzaileek jakinarazi dute, ordea, esperientzia eta ikus-entzunezko sektorearen ikuspegi zabala duten epaileek erronka handia izan dutela film laburren artean onenak aukeratzeko.

Izibene Oñederrak zuzendutako Lursaguak filmak jaso du film onenari aitortza egiten dion Urrezko Antzarra, eta horrekin batera, 1.900 euroko ordainsaria eskuratuko du milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala birrintzen ari diren garaian bizi garela erakusten duen animaziozko filmak. Zuzendaritza onenaren saria, berriz, Mikele Landaren Heldu filmak jaso du. Arraun egitean entzuten diren soinuetatik sortutako pentsamenduetan barneratzen den lanak 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eraman ditu.

Gidoi onenaren saria,  bestalde, Josu Martinezen Anti lanarentzako izan da. Euskaraz hitz egitea debekatu dioten herri baten nortasuna goraipatzen duen kontakizun honek jasoko ditu, beraz, 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra. Era berean, bigarren urtez, Ikuslearen saria ere banatu dute: Irabazlea Lekeition bertan geratu da, eta Azkue ikastolako ikasleek eskuratu dute Ouija proiektuan egindako lanagatik. Haientzat izan dira ere Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Irabazleak ez ezik, 42. ediziotik igaro diren partaide guztiak zoriondu nahi izan dituzte dituzte antolatzaileek, “haien lanetan erakutsitako kalitate handiagatik”. Era beran, egunez egun zinemara hurbildu diren ikusleak eskertu dituzte, aurtengoa ikusle gehien izan dituen edizioetako bat bilakatzea lortu baitute.

Benito Ansola Saria

Euskaltzaleen Topaguneak bi urterik behin ematen duen Benito Ansola sariak 5. edizioa bete du gazteei euskarazko ikus-entzunezko berriak ekoiztu ditzaten bidea zabalduz. Aurten hiru proiektu aurreaukeratu zituzten, eta hauek epaile eta publikoaren aurrean aurkeztu dituzte jaialdiak iraun duen aste horretan. Hiru finalista horien artea,  Oier Fuentesen proiektua aukeratu du  Amancay Gaztañaga eta Lara Izagirrek osatutako epaimahaiak, beka eman eta filma garatzeko laguntza eskainiz. Proiektu saridunak, lana aurrera eraman beharko du hurrengo urtean eta 43. EZBren edizioan aurkeztuko da.