BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia izango da mendiko zinemagintzarik onenaren plaza abenduaren 6tik 15era egingo den 12. edizioan . 56 filmek osatuko dute Sail Ofiziala eta Ostatnia Góra (The Last Mountain) filmak zabalduko du lehiaketa Euskalduna Jauregiko hasiera eitaldian.

Azken urteetako indartsuena izango da BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 12. Edizioa, abenduaren 6tik 15era bitartean. Antolatzaileek 29 herrialdetako 172 pelikula jaso dituzte azken hilabeteetan, eta horien guztien artetik, 60 aukeratu dituzte jaialdian erakusteko. Gehienek, 56k, Sail Ofizialean hartuko dute parte, eta beste hiruk, Zabalandi atalean. Azkenik, egile amateurrentzako Mendi Short lehiaketako film irabazlea ere proiektatuko dutela jakinarazi dute.

Sail Ofizialerako hautatuak izan diren 56 filmei dagokienez, 13 herrialde desberdinetako jatorrikoak dira: Espainia, AEB, Kanada, Alemania, Erresuma Batua, Austria, Frantzia, Australia, Grezia, Errumania, Eslovenia eta Polonia. Bilboko eszenategietako erakusleiho aparta baliatuko dute zuzendari guztiek beren lanak publiko berriari zabaltzeko, eta, hala, hainbat mailatako estreinaldiez gozatzeko aukera izango du publikoak: nazioartekoak, Europa zein Estatu mailakoak, eta baita Euskadi mailakoak ere.

Hainbat euskal lan izango dira:

  • Artiko | Zuz: Josu Venero eta Jesu Mari Lazkano
  • Burdinura | Zuz: Santi Yañiz eta Anton Lazkano
  • Chhaupadi | Zuz: Jaime Murciego eta Pablo Iraburu
  • Cholitas | Zuz: Migueltxo Molina
  • Circle of the Sun | Zuz: Iñigo Grasset eta Lena Stoffel
  • Elur Goritan | Zuz: Jon Goikoetxea eta Iñigo Larrañaga
  • Harria Herria | Zuz: Dimegaz Kultur Elkartea
  • Natura Bizia | Zuz: Lexeia Larrañaga de Val
  • Vergüenza | Zuz: Iker Elorrieta eta Garazi Sanchez

Ostatnia Góra (The Last Mountain) filmak zabalduko du Sail Ofiziala, abenduaren 6an, Euskalduna Jauregiko Auditorio Nagusian. Poloniarren 2018ko neguko K2-ko saiakera kontatzen duen film zirraragarria da, eta Krzysztof Wielecki protagonista eta Dariusz Zaluski zuzendaria izango dira bertan aurkezpena egiteko.

Mendi zinemagintzako zuzendari entzutetsuak ageri dira Sail Ofizialeko filmen izendegian, besteak beste, Mendi Film jaialdian ibilbide oparoa egin duten egileak: Paul Diffley, Peter Mortimer eta Josh Lowell, Alastair Lee, Pablo Iraburu, Jen Randall, Alison McAlpine, Krystle Wright, Ben Page, Anthony Bonello, Mike Douglas, Vladimir Cellier, Ben Masters, Ben Sturgulewski, Gerald Salmina, Santi Yañiz,… Horiez gain, mendi munduko izarrak ageri dira ere gonbidatuen zerrendan: Krzysztof Wielicki, Jerzy Kukuczka, Hans Kammerlander, Edmund Hillary, Jim Whittaker, Edurne Pasaban, Iñaki Ochoa de Olza, Horia Colibasanu, Cholitas eskalatzaile boliviarrak, Matthias Giraud, Aaron Durogati, Marie France Roy, Ignacio Mulero…

Sariak eta garaikurrak

Iñigo Aristegui artista donostiarrak egin du Eguzkilorea, babesa eta aztarnak irudikatzen dituen eta barneratua daukagun mendiko kulturarekin bat datorren jaialdiko garaikur enblematikoa. Halaber, 23.000€ banatuko dira diru-saritan.

  • Sari Nagusia: “Eguzkilorea” eta  6.000 euro
  • Zuzendari Onena: “Eguzkilorea”  eta 3.000 euro
  • Argazkilaritza Onena: “Eguzkilorea”  eta 2.000 euro
  • Gidoi Onena: “Eguzkilorea”  eta 2.000 euro
  • Epaimahaiaren Saria: “Eguzkilorea”  eta 2.000 euro
  • Mendiko Film Onena: “Eguzkilorea” eta 1.500 euro
  • Eskaladako Film Onena: “Eguzkilorea” eta 1.500 euro
  • Kirol eta Abentura Film Onena: “Eguzkilorea” eta 1.500 euro
  • Kultura eta Natura Film Onena: “Eguzkilorea” eta 1.500 euro
  • Euskarazko Film Onena: “Eguzkilorea”  eta 1.000 euro
  • Film Labur Onena: “Eguzkilorea”  eta 1.000 euro
  • Ikusleen saria: “Eguzkilorea”

WOP Saria 2019

Bestetik, Nives Meroi eta Romano Benet alpinistak izango dira 12. edizioko omendu nagusiak,  WOP Sariaren irabazleak, alegia. Hamalau zortzimilakoak oxigeno laguntzarik gabe eta altura zamaketaririk gabe osatu dituen bikotea da. Duela 25 urte egin zuten beren lehen zortzimilako espedizioa, eta 2017an itxi zuten hamalau gailurren zerrenda.

Mendizaletasunaren giza balioen defentsa eta transmisioa saritzen ditu WOP-The Walk On Project Fundazioa Sariak, eta hauek izan dira aurreko edizioetako irabazleak: Josep Manuel Anglada (2015), Sir Chris Bonington (2016), Peter Habeler (2017), eta Juanjo San Sebastian (2018).

Ikusi programazio osoa hemen.