Iragan asteburuan ospatu dituzte Mendi Tour ziklo ibiltariaren azken saioak Potesen (Asturias). Urte osoko balantzea kaleratu dute antolatzaileek: 16.000 ikusle izan dira orotara, aurreko urtean baino gehiago.
Oro har, mendiko zinemagintza da abenduro Bilbon ospatzen den Mendi Film Fest jaialdi tematikoaren ardatza, eta generoa abiapuntu hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten dituzte urtero luzatzen duten deialdira. Horien gaiak, espezializatuak baina anitzak: alpinismoa, eskalada, abentura, mendi kirolak, ekologia, ingurumena…
2017ko urtarriletik aurrera ekoitzitako lanak izan ziren 2018ko edizioak jaso zituenak, eta horien artean arrakasta gehien izandakoak zabaltzen ditu orain ditu Mendi Tourrek. Modu honetara, jaialdira hurbiltzerik izan ez zuten zaleei gerturatu diete film espezializatuak ikusteko aukera.
Euskal Herria zeharkatu du aurtengo zirkuituak, baina Espainiako lurralde ugari ere bai. Orotara, 13 erkidego eta 20 probintzia igaro ditu zikloak, antolatzaileen arabera. Besteak beste, Malaga, Madril, Salamanca, Extremadura eta Asturias. 16.000 ikusleen langa gainditu dute aurten, , iaz izan ziren 14.500 ikusleek ezarritako mugarria gaindituz.
The Dawn Wall izan da 2019ko Mendi Tourreko film izarra. 2018ko Mendi Film Festival jaialdiko inaugurazio filma izan zen, eta Tommy Caldwell munduko big wall edo horma handietako eskalatzailerik onena da protagonista. Horrez gain, Everest Green, Viacruxis, Bayandalai Lord of the Taiga izan dira gehien errepikatu diren izenburuak.
Badator 2019ko edizioa
Azken urteetako indartsuena izango da BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 12. Edizioa, abenduaren 6tik 15era bitartean. Antolatzaileek 29 herrialdetako 172 pelikula jaso dituzte azken hilabeteetan, eta horien guztien artetik, 60 aukeratu dituzte jaialdian erakusteko. Gehienek, 56k, Sail Ofizialean hartuko dute parte, eta beste hiruk, Zabalandi atalean. Azkenik, egile amateurrentzako Mendi Short lehiaketako film irabazlea ere proiektatuko dutela jakinarazi dute.