Datorren urteko maiatzaren 8tik 16ra ospatuko dute FANT jaialdiaren 51. edizioa. Zabaldu dute jada lehiaketarako filmak aurkezteko epea, eta martxoaren 1aera bitartea egongo da zabalik.

Urteroko plangintzari heldu dio jaialdiak. Sail Ofiziala izango da lehiaketaren arlo nagusia, eta ohiko sari berdinak banatuko dituzte: 3.500 euro film luze onenari, 2.250 euro Panorama Fantastiko sariketako film luze onenari. Horiez gain, gidoi onenari saria, zuzendaritza berritzailearena (FAS zineklubaren eskutik), eta azken urteetan fantasiaren munduan gora egin duen protagonistaren bati aitortza egiten dion Fantrobia sariak emango dituzte ere.

Film laburrak izango dira jaialdiak sukaldatuko duen bigarren plater nagusia. Ohi bezala, 3.000 euroko bi sari eta epaimahaiaren iritziz Euskal Herriko film labur onenarentzako 2.000 euroko saria banatuko ditu FANTek. Film luzeen kasuan bezala, Panorama Fantastiko sariketak aintzat hartuko ditu ere film laburrak, eta 1.500 saria emango dio onenari.

Kasu guztietan, 2019ko martxoaren 1a izango da lehiaketarako kopiak bidaltzeko azken eguna. Interesatuek, jaialdiaren webgune ofizialean dauden oinarrietan topatuko dituzue materialak aurkezteko prozedura eta gainerako informazio osagarriak.