Abenduaren 5etik 8ra luzatuko den 54. Durangoko Azokaren edukien aurkezpenarekin batera, gune bakoitzaren programazioa ezagutarazten ari dira egunotan ekitaldiaren arduradunak. Ikus-entzunezko urteko ekoizpen interesgarrienak biltzen dituen Irudienea gunea aletuko dugu guk, dozenatik gora lan ikusi ahal izango baititugu bertan.
Film laburrak, luzeak, dokumentalak, animazioak… azken urteak emandako ekoizpenen lagin erakargarria prestatu dute, beste behin, Durangoko Azokaren Irudienea gunean. Erakustaldiak iraungo dituen bost egunetan zehar, ikus-entzunezko emanaldiez, eta gaiarekin lotura duten solasaldi zein aurkezpenez beteko dira Zugaza zinemak.
Tartean izango dira, besteak beste Zizelkariak (2019), Euskal Herriko periferiak erdigunera ekarri asmoz, Topatu Euskal Herriko gazte proiektu komunikatiboak sortutako dokumentala; Erraiak (2018), Irrintzia ardatz izanda ekoiztu den dokumentala; Josu Martinez bilbotarrak zuzendutako Anti (2019); Apaiz-kartzela (2019) dokumentalaren work in progress emanaldia eta Zamorako espetxean preso egondako apaizei eskainitako omenaldia; Lara Izagirreren Nora bigarren filmaren lehen irudiak… film luzeak. Lursaguak (2019), Medvedek (2019), Mateoren Ama (2019) eta Artiko (2019), Kimuak sortaren barruan aurkeztutako euskal film laburrak ikusteko aukera izango da ere, bai eta etxeko txikienei zuzendutako hainbat animazio ere bai, Grufaloa (2018) filma esaterako.
Proiekzioez gain, gainera, ikus-entzunezko munduarekin lotutako beste zenbait ekintza programatu dituzte. Hala, abenduaren 8an, arratsaldez, “DemaS.A, sortzaile amateurren dema“ izeneko lehiaketa jarriko dute martxan, eta Euskal Herri guztiko film laburren rally eta lehiaketetako finalisten artean hoberena aukeratuko dute. Horrez gain, soinu efektuak landuko dituen zinemagintza ikastaroa eskainiko diete lehen egunean azokara gerturatuko diren ikasleei.
Hauxe duzue programazio osoa: