“Ez dakizue zer galdu duzuen” mezu hori utzi zien norbaitek Napoliko hilerrian betiko atsedena hartzen zeudenei. Napoliko futbol talde nagusiak lehen Scudettoa irabazi zuen egunean gertatu zen hori, 1987ko maiatzaren 11an.  Inork guttik espero zuen garaipena, eta horregatik ospatu zuten, akaso, 2 hilabetez; dena zen zoramena, dena zen festa. Bazuten zer ospatua: piztu zen piztia. Jaio zen Jainkoa. Eta elastikoan 10 zenbakia zeraman.

‘Diego Maradona’ dokumentala proposatzera heldu naiz gaur, Asif Kapadia zuzendariarena. Bereak dira, besteak beste, AMY eta Senna dokumentalak ere. Edo telesail zaleak bazarete, behar bada, ezagunagoa eginen zaizue, Netflixeko Mindhunter.

La Paterna auzo txiroan hasi zen baloiari ostikoka Diego, ondoren etorri ziren Boca Juniors, eta Barca. Garaiko 1200 milioi pezeta ordaindu zituen bartzelonako klubak harengatik, eta bi denboraldi eman zituen han, dizdira handirik gabe, egia erran. Sartu zituen golak, izan zituen lexioak,  gaixotasunak, haserreak zuzendaritzarekin eta ostiko hegalariak. (Athletiken kontrako kalapita. Hura izan zen bere azken partidua Bartzelonarekin)

Eta hortik Napolira. 1984 urtea zen, eta taldeak doi-doi salbatu zen bigarren mailara jeistetik. Han iritsi zen Maradona, milaka lagunek egin zioten ongietorria, italiarrak futbolzale sutsuak dira…eta napolitarrak, are gehiago. Urte horietan bihurtu zen izar Maradona, pentsaezina zena irabazi baitzuen Napolesek.  Maradonak zelaian egiten zuen nahi zuena, eta kalean egin zezakeen nahi zuena, Jainkoari dena permitu zitzaion. Kantuak hala dio “Maradona ez da edonor….ez zait inporta zein arazotan sartuko den, Maradona beti izanen da nire laguna”.

Nahiz eta Maradonaren futbol ibilbidea Argentinan hasi, batez ere, Napoliko urteetan zentratzen da Dokumentala. 500 orduko materiala bazeukan zuzendariak, horietako aunitz sekula publikatu gabeak. Futbol partida, entrenamendu, baina baita festa edo etxegiroan grabatutako irudiak. Eta ederki egin du Kapadiak, ze fin josi dituen iduriak.

Dokumentalean kontatzen da nola izan zen sumendi argentinarraren leherketa, bere urrezko urteak Italiako ligan, Argentinako selekzioan, eta, noski, bere gainbehera.  Denek ezagutzen dugu gaur egungo Diego Armando Maradona.

Dokumental honek badu beste gauza bat nabarengarria nire ustez: kontatzen dizkigu “El Pelusaren” argi eta ilunak, baina, Maradona ez du epaitzen.  Eta izatekotan,  ondorio batera eramaten gaitu zuzendariak: Diego bat da, eta Maradona bertze bat. Lehena hauskorra zela, eta bigarrena ez. Ezin zuelako horrelakorik permititu. Maradona Jainkoa zelako.