Donostia Zinemaldiak lehen aldiz zabalduko die bere artxibo dokumentala herritarrei, Tabakaleran abenduaren 7an antolatutako jardunaldi irekian. Zinemaldia 70. Historia posible guztiak proiektuaren lehen ikerketen emaitzak aurkeztuko dituzte bertan, Zinemaldiak berak, Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan sustatutako ekimena.
Proiektuaren lehen pausuak Zinemaldiak Trantsizioaren lehen urteetan (1976-1980) izandako bilakaera aztertzera bideratu dituzte eskolako zortzi ikaslek eta Pablo La Parra Pérez Ikerketa Sailaren koordinatzaile eta Zinemaldia 70 proiektuaren ikertzaile nagusiak, eta Zinemaldiaren artxibo-bildumako dokumentuak izan dituzte oinarri.
Jendaurrean egingo duten lehen aurkezpenean, abenduaren 7an, garai hartako funtsezko bi programari buruz hausnartuko dute. Batetik, emakumeek egindako zinemaren 1978ko zikloa ekarriko dute gogora, eta horretarako, Ciné-Femmes International banaketa-enpresaren sortzaileetako bat gonbidatu dute, Vivian Ostrovsky alegia; eta mahai-ingurua egingo du Cecilia Bartolomé zinemagilearekin eta Ana Ureta ekintzailearekin batera (ekitaldia bultzatu zuen Donostiako Emakumeen Batzarreko kidea). Bestetik, Expediente proiektatuko da, 1977an film labur onenaren Urrezko Maskorra irabazitakoa; horrez gain, Luis López Carrasco eta Raúl Liarte zinemagileek performance esku-hartze bat egingo dute, eta horren barruan, ordura arte erakutsi gabeko materialak proiektatuko dituzte zinema-aretoan.
Abenduaren 7ko programa publikoari goizean ekingo zaio (11:00etan) Zinemaldiak 24 edizio izan ditu. Ez dugu gogoko hitzaldiarekin. Zinemaldiak Trantsizioan izan zituen eraldaketak aurkeztuko ditu Pablo La Parra Pérezek hitzaldi horretan, eta nazioarteko beste lehiaketa batzuek asaldura politiko eta sozial giroetan izandako aldaketekin alderatuko ditu. Ondoren, Antonio M. Arenas, Sara Hernández, Clara Rus eta Neus Sabaté ikasleek, EQZEko ikasle eta Zinemaldia 70 proiektuaren lantaldeko kide direnek, 1970eko bigarren erdialdean Zinemaldia demokratizatzen saiatu ziren ekimen zehatzei buruzko azterketak aurkeztuko dituzte.
Arratsaldeko lehen saioan (17:00) emakumeek egindako zinemaren 1978ko zikloa gogoraraziko da. Ziklo horren barruan honako zinemagile hauek etorri ziren hirira, besteak beste: Agnès Varda, V?ra Chytilová, Larisa Sheptiko, Pilar Miró eta Mirentxu Loyarte. Donostiako Emakumeen Batzarraren ekimenez egin zen, bere agenda feminista ikusarazteko antolatu baitzuen. Haren kide zen Ana Uretak ekarriko du gogora mugarri hura mahai-inguru batean, Cecilia Bartolomé zinegile aitzindari espainiarrarekin –honen ¡Vámonos, Bárbara! film luzea (1978) ziklo hartan eman zuten– eta Vivian Ostrovskyrekin.
New Yorken 1945ean jaio zen Ostrovsky, eta zuzendari esperimental eta banatzailea da. Ciné-Femmes International zinema feministaren banaketa-enpresa alternatiboa sortu zuen 1970eko hamarkadan, Rosine Grangerekin batera; ekimen hura funtsezko erreferentzia bihurtu zen emakumeek eginiko zinema esperimental eta militantea mugitzeko. Biek ala biek elkarlan estua izan zuten Donostiako Emakumeen Batzarrarekin; 1978ko zikloan parte hartu zuten eta zenbait film eta zinemagile irits zitezen lagundu zuten.
Arratsaldeko bigarren saioa (19:00) Expediente film laburraren proiekzioarekin hasiko da. Carlos Rodríguez Sanz eta Manuel Coronado zinemagileek gauzatu zuten lan hori, Equipo Crónica izeneko artista antifrankisten kolektiboaren pintura-zatien muntaketan oinarrituta, eta Donostia Zinemaldiko film labur onenaren Urrezko Maskorra irabazi zuen 1977an. Diktadurak fusilatutako azkenekoen oroitzapenari eskaini zioten, baina errepresio frankistaren ondorioei buruzko gogoeta zabalagoa proposatzen du.
Jarraian, Luis López Carrascok eta Raúl Liartek performance-proiekzio bat eskainiko dute Expediente filmari erantzun nahian. Sortzaileek García/García izeneko lana aurkeztuko dute; askotariko material argitaragabeez baliatu dira sorkuntzarako, zehazki 1970eko hamarkadako Cartagenako azken preso politiko antifrankistarekin eta Estatuko soldadutzari intsumiso agertzeagatik 1990eko hamarkadan preso sartutako Estatuko lehen gaztearekin lotutakoez. Beren lanetan Trantsizioaren memoriari eta eraldaketa politikarako ondorengo mugimenduei buruzko gogoeta kritikoa proposatuko dute sortzaileek.
Artxibo proiektua
Zinemaldiaren artxiboko materialak Euskadiko Filmategiaren kontserbazio-instalazioetara eramaten hasi ziren azaroaren 11n; 926 kutxa dira guztira, artxibo orokorra zein lehiaketa sortu zenetik 1990eko hamarkadara arte gordetako paperezko prentsako material guztia barnean jasota. Martuteneko gordailu batean egon dira orain arte, baina pixkanaka Euskadiko Filmategian biltegiratzen, egokitzen eta katalogatzen joango dira. Gainera, 2020ko urtarrilean, gune bat prestatuko da Tabakaleran, funtsak aztertu, garbitu eta zaharberritzeko, haien kontserbazioa eta eskuratzeko baldintzak bermatzearren. Helburua da, 2022tik aurrera, funtsen kontsulta egin nahi dutenek datu-base zehatza ez ezik, proiektuan garatutako ikerketa-ildoetan oinarritutako gai-ibilbideak ere eduki ditzatela.
Era berean, abenduaren 7tik aurrera, Zinemaldiaren webgunean artxiboko zenbait eduki eta ikerketa-proiektuaren bilakaera jarriko dira ikusgai atal zehatz batean, eta aldian behin eguneratuko da.