Aste honetan abiatu dute ZINEXIT – Giza Eskubideen Zinema Erakustaldiaren 10. edizioa. Azaroaren 29ra bitarte, giza eskubideen gaiarekin estuki lotutako urteko lan dokumental aipagarriak direnak ikusteko aukera izango da, arratsaldeko 19:30ean, Golem Alhondiga zine aretoan.

Zinexit, Zinema eta Giza Eskubideen Erakustaldiak bere bizitzako lehen 10 urteak ospatuko ditu 2019an. Denbora honetan guztian, publikoarekin batera hazten eta sortzen joan direla azaldu dute arduradunek, eta hala adierazten dute hamarkadaren zenbakiek: Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4. mailara bitarteko 7.000 haur baino gehiago igaro dira Zinexit Eskolatik. Hainbat erakunderen aliantzak eta lankidetzak izan dituzte bidelagun, hala nola, Amnesty International, CEAR Euskadi edo Save the Children, bai eta lagina hedatu duten udalerri batzuen bultzada ere: Barakaldo, Basauri, Gasteiz…

10 urteko lan eta ahalegin partekatua izan da, beraz, jorratu dutena. Gaur egun giza eskubideek dituzten erronka handiei buruzko eztabaida kritikoak eta hausnarketa sakonak sustatu asmoz, eta hori guztia filmek eta ondorengo eztabaidek pizten dizkiguten emozioek gidatuta. Bidean aurrera jarraitu nahi dutela adierazi dute, hazten eta ekarpenak egiten, eta, horretarako, ikusleen fideltasunarekin kontatzen jarraitu nahi dutela azaldu dute. Bada, azaroaren 25etik 29ra zuen zain egongo dira, Bilboko Azkuna Zentroko Golem zinemetan, eta baita Basaurin, Barakaldon eta Gasteizen ere.

Lehenengo bi egunak igarota, ekuatoreko saioa izango da asteazkenekoa. Pertsonen salerosketaren eta behartutako prostituzioaren Peruko biktima baten biziraupenari buruzko By the Name of Tania (Mary Jimenez, Bénedicte Liénard, 2019)  ekoizpen belgikarra izango da ikusgai, nazioarteko lau sari jaso dituena. Barakaldon ere, asteazkenean izango da film horren proiekzioa.

Ostegunean, berriz, Awlad – Hesiak Gainditu (2019) euskal ekoizpenaren estreinaldia hartuko du mostrak. Filmak, euren jatorrizko herrialdeetako indarkeriatik ihesi,  Berlinen, Greziako Samos uharteko errefuxiatu eremuan eta Oñatin bizi diren lau neska-mutilen historia gordina azalduko du. Ane Irazabal Euskal Telebistako berriemaileak eta Cosimo Caridi italiarrak zuzendutakoa da, biak hala biak, herrialde arabiarrak eta migrazio mugimenduak ondo ezagutzen dituzten kazetariak. Filmaren ondorengo solasaldian Ane Irazabalek berak parte hartuko du, eta Bilbon ez ezik, Gasteizko Florida zinema aretoetan ere emango da ere, ostiralean, azaroaren 29an.

Zinexit Eskola programari dagokionez, aurtengo edizioan aukeratutako filma Ploey, ez duzu inoiz bakarrik hegan egingo izango da, 2018ko animazio film islandiarra, euskarara bikoiztutakoa. Migrazioaren garaia iristen denean hegan egiten ikasteko arazoak dituen gazte baten istorio hunkigarria kontatzen da bertan.

Film klasiko batek emango dio amaiera zikloari: The Wrong Man (1956),  lapurreta bat dela eta modu okerrean akusatutako gizon bati buruz Alfred Hitchcockek egindako lan gogoangarriak.

Ikusi programazioa xehetasun gehiagorekin, hemen.