Ikusmira Berriak ekimenaren seigarren edizioak Gabriel Azorín, Jaione Camborda, Diego Céspedes, Elena Martín Gimeno eta Jessica Sarah Rinlanden proiektuak hautatu ditu egonaldi-programa berrirako. Martxoaren 2an iritsiko dira Tabakalerara, eta apirilaren 12ra arte izango dute proiektua garatzeko epea.

Tabakalerako kultura garaikidearen nazioarteko zentroko, Donostia Zinemaldiko eta Elias Querejeta Zine Eskolako ordezkariek osatutako hautaketa batzordeak Gabriel Azorinen (EQZE kategoria berrian), Jaione Cambordaren (Euskal Autonomia Erkidegoko lanen artean), Diego Cespedesen (Nest Film Studenten azken bost edizioetako partaideen artean), Elena Martin Gimenoren (Espainia) eta Jessica Sarah Rinlanden (Nazioartekoa) proiektuak hautatu ditu. Argentinako, Erresuma Batuko, Espainiako eta Txileko bost proiektuak dira, jasotako 185 proposamenen artean nabarmendutakoak.

Gabriel Azorínek, “lacasinegra” kolektiboko kide den Elías Querejeta Zine Eskolako lehen belaunaldiko kideak, bere film laburrak eta film ertainak aurkeztu ditu Belfort, Sevilla eta Donostiako zinema-jaialdietan. Diego Céspedes, aldiz, Locarnon, Cannesen eta Donostian saritu dute aurretik, eta Ikusmira Berriak ekimenean bere lehen film luzearen proiektua gauzatuko du. Bere bigarren film luzearen gidoian arituko da Elena Martín Gimeno zinemagile eta aktorea, Júlia Ist (Made in Spain 2018) filma, Vida perfecta serieko bi kapitulu (Belodromoa 2019) eta Suc de Síndria film laburra zuzendu ostean. Jaione Cambordak bere bigarren filmaren proiektuari ere aurre egingo dio. Jessica Sarah Rinland da azkena, eskarmentuko profesionala, zeinak Locarnoko Moving Ahead sailean aipamen berezia lortu zuen, Those That, at a Distance, Resemble Another filmari esker.

Egonaldiaren luzera zortzi astekoa izango da lehen aldiz, iazko edizioan baino bi aste gehiagokoa. Bost zinemagileak martxoaren 2an iritsiko dira Tabakalerara, eta apirilaren 12ra arte izango dute proiektua garatzeko epea. Irailean, Zinemaldia ospatzearekin batera, zinemagileak Donostiara itzuliko dira egonaldiaren azken bi asteak osatzeko, eta, ordurako, proiektua garatuagoa izango dute, zine-industriarekin partekatzeko prest. Fase honetan pitching saiorako prestatuko dira (proiektuaren aurkezpena) jaialdian dauden industriako profesionalekin bilerak egiteko (azken edizioan 1.700 baino gehiago).

Proiektu bakoitzak 5.000 euroko garapenerako laguntza izango du. Maiatzean jasoko dute onuradunek, egonaldiaren bi aldien erdian, zinegileek esperientziari etekin handiagoa ateratzeko.