Pablo La Parra (Gandia, 1987) Elias Querejeta Zine Eskolako Ikerkuntza saileko koordinatzailea da. Frankismoaren amaieran eta Trantsizio garaian Espainiar estatuan garatutako kultura zinematografiko militantearen inguruko ikerketa tesia egiten ari da New Yorkeko unibertsitatean, eta horrez gain, dozenaka artikulu argitaratu ditu tokiko zein nazioarteko hedabideetan.

2018ko udazkenean ateak zabaldu zituenetik, eskolaren ardatzetako bat izan da ikerkuntza: “Ikerkuntza ohitura naturala da Elias Querejeta Zine Eskolarentzat”. Bada, atal horren arduradun nagusia da La Parra, eta abian dituzten bost proiektueak gainbegiratzen dihardu, ikerlari, orotariko instituzio eta ikasleekin buru-belarri. Gaztea da, eta hala ere (ala beharbada, horregatik) eskola ikasleen ikuspuntutik bizi nahiko lukeela aitortu digu. “Agian eszedentzia eskatu eta matrikulatu egingo naiz”, esan digu irribarrea ahoan.

Elkarrizketaren lehen atal honetan ikerkuntza eskolan nola txertatzen duten jakin nahi izan dugu. Egunerokoan egiten duten lana, kolaboratzaileek, ikasleen funtzionamendua eta harrera, lehen urtean egindako aurrerapenen balorazioa… Lanez gainezka baina gustura sumatu dugu, Carlos Muguiro eskolaren zuzendariak lau haizetara zabaltzen duen diskurtsoari hurbiletik jarraituz, zera nabarmendu digu: “Ikerkuntza sailaren egitekoa ez da helburu zehatz batzuk dituzten proiektuak martxan jartzea soilik, eskolak garatzen duen jarduerarentzat ikerkuntza-tresnek eta pentsamendu kritikoaren printzipioek eta mekanismoek duten garrantzia irakastea ere bada gure helburua”.