Zabalik da Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Laburbira film laburren ziklora lanak aurkezteko epea. Abenduaren 13ra bitarte izango da aukera proiektuak helarazteko.

Euskaltzaleen Topaguneak urteak daramatza euskarazko ikus-entzunezko sortzaileei bultzada emateko egitasmoak antolatzen. Besteak beste, ikus-entzunezko proiektuak garatzeko Benito Ansola beka, urteko euskal ekoizpenak biltzen dituen Durangoko Azokako Irudienea gunea eta Kameratoia film laburren rallya egiten dituzte, baita Laburbira ere, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria.

Bada, helburu birekin jarduten dute Laburbira zirkuituaren antolakuntzan: euskarazko sortzaileen lana ezagutaraztea eta euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabaltzea. 2020ko martxoaren 9tik apirilaren 8ra ospatuko dute, eta horretarako 2019an jasotako proposamen guztiak aztertu, eta zortzi film labur aukeratuko dituzte.

Abenduaren 13a baino lehen

Abenduaren 13ra bitarte jasoko dituzte proposamenak, betiere, ondorengo baldintzak betetzen badituzte: Euskarazko lanak izan behar dute, 2018 urtetik hona ekoiztutakoak, fikziozkoak eta 18 minututik beherakoak. Lana bidaltzearekin batera, parte-hartzeko online bidezko fitxategia bete beharko dute sortzaileek.