Behin Zinemaldiaren olatua igarota, publikorik gabe, hutsik, gelditzen dira zinema-areto donostiarrak. Orduan hasten dira, han eta hemen, ikusle berriak erakartzeko trikimailu eta deialdi bereziak: Zinearen eguna, deskontu berezi edota salneurri merkeagoa duten sarrerak, gai jakin bati eskainitako bildumak… Piztiak iraun dezan berebizikoa baita jaten ematea, eta ez da urtean zehar zinemara joateko ohiturari eusten dion jende multzo finkorik.
Edo hala uste dugu behintzat. Zinea-n egiten dudan lanean, Euskal Zinemaren leihoa izatearen saiakerak ematen digun talaia honetatik, Donostian zinemaren ekosistemak mugitzen duen ekitaldi andana bistaratzeko plazera dut. Eta bai, damu gabe esan dezaket badirela oraindik bere publiko fidelak egiten dituen ekitaldiak.
Gogoan ditut, esaterako, Irutxuloko Hitza astekarian Josemi Beltran Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Jaialdiaren zuzendariak jasotakoak: «Zinemaldien betebeharra da filmei balioa ematea, aurkitzen laguntzea, zinemaldi bakoitzaren ikuspuntutik. Baina ezin da baztertu festa kontzeptua, jai kultural bat, lagun arteko festa… Antzoki Zaharreko ikusleak ez dira guztiak berdinak, baina elkarrekin daudenean korronte politak sortzen dira emanaldietan. Batez ere zinemarekiko maitasuna nabaritzen da, askotan generoaren ezagutza handiarekin, baina ikuspuntu ludikoa galdu gabe. Ez da gauza bera film bat ikustea gure festibalean edo beste edozein lekutan: filma garatzen den bitartean, iruzkinak, abestiak, jendearen arteko eztabaidak izatea, edo kontrakoa jasotzea: kanposantu baten isiltasuna. Lehen aldiz etortzen direnek gehienetan errepikatzen dute».
Hain zuzen, emanaldietako publiko zaratatsu hori da Horror Festibal mitikoaren ezaugarri nagusia. Abonua eskuratzeko 24 orduko ilara luzea egiten duten eta Antzoki Zaharrean urtero eserleku berean jesartzen diren ikusle fidelak dira. Behin betiko egitaraua jakin gabe. #ColaSustitos deiturikoa osatzen dute, eta gaua errenkadan igaro. Egunero-egunero joaten dira aretora, 16:00ak aldera sartu eta goizeko ordu txikitan irteteko. Mozorroez apaintzen dute aretoaren iluntasuna; eta beren iruzkin eta algaren gatzak ematen dio bizia emanaldi segidari. Haiek dira gatza (eta piperra ere bai!), eta aspaldi zor zitzaien aitortza jaso dute azkenean: ikusleak omentzea izan da jaialdiaren 30. edizioaren helburu nagusia, eta kartel nagusira eraman dituzte.
Jaialdien fokutik kanpo ere badira hainbat adibide. Kresala Zineklubak Trueba aretoan eraiki duen erresistentzia gunea da horietako bat. Zineklubek, areto komertzialetara heltzen ez diren filmen proiekzioak ez ezik, lan horiez hitz egiteko eta hausnartzeko espazioa ere eskaintzen dute, eta, hain zuzen, funtzio hori betetzen duen zinema ez-komertzialaren baitan sortutako iritzi gunea osatu dute Kresalako kideek. Astelehenero batzen dira, azken denboraldietan, Gros auzoko Trueba zineman, eta ehun bat laguneko taldeak gozatzen du ikus-entzunezkoaz, zein ondorengo solasaldiaz. Beste kontatzeko erak daudela erakutsi, eta 50 baino gehiagoko ibilbidea ehundu dute.
Tabakaleraren pelikula eskaintza da beste adibide bat. Zirkuitu komertzialetik kanpo dauden filmak ikusteko aukeraz gain, horiek publikoaren ulermena indartzen duten solasaldi, irakurketak eta erakusketekin osatzen dituzte. Eta publikoak erantzuten du.
Zein da sekretua? Zinema ekintza soziala bilakatzea. Zinemara joatea, film bat ikusteaz harago, hitza edukiko duen ariketa bilakatzen asmatzea. Zinea bere osotasunean ulertzeko tresnak eta ohitura zabaldu, eta zinema zinemaren inguruan dagoen guzti hori ere badela ulertzea.