Heldu da euskal zinemaren garaia! Eihartzea kultur etxeak eta Ttattola gaztetxeak elkarlanean antolaturik, Hazparneko Zinegin festibalaren 8. edizioa ospatuko dute azaroaren 21etik 24ra. Filmen emanaldiaz gainera, sortze prozesuan sakonduko duten bi lantegi izango dira.
Euskal filmen proiekzioak, haurrentzako emanaldiak, bideo-poteoak, bertso saioak eta askoz gehiago ekarriko ditu Zinegin jaialdiak herriko Ttattola gaztetxera eta beste hainbat elkarteetara. Hain zuzen, emanaldi horiek osatuko dituzten lantegiak dira antolakuntzak aurkeztu berri dituenak: super 8 film tailerra eta soinu grabaketa tailerra.
Donostiako Zine-Lab taldearekin elkarlanean egingo dute lehenengoa, azaroaren 23an, 10:00etan, Ttattola gaztetxean. Super 8-ko kamera bat erabiltzen ikasteko aukera izango da, film kolektibo bat sortzekoa eta zuri-beltzeko pelikula iltzulgarri bat errebelatzekoa. Ondoren, eskuz montatuko dira errebelatutako materialok, eta emaitza finala proiektatuko dute.
Egun, ordu eta toki berean ospatuko dute ere soinu grabaketa ikastaroa, Radiokultura kolektiboaren babesarekin. Izan ere, Super 8 lantegiko ikasleekin batera, Hazparneko karriketan ibiliko dira ere partaideak, kideek filmatzen dituzten irudi horien soinuak jasoz. Ondoren, soinu-muntaketaren oinarrizko sekretuak ikasiko dituzte.
Interesatuek, zinegin@gmail.com helbidearen bitartez eman beharko dute izena, edota ondorengo formularioa betez. Azaroaren 23an, goizeko 10:00etan abiatuko dira bi ikastaroak, eta iluntzeko 20:00ak ingurura arte luzatuko dira.