Gipuzkoako Foru Ogasunak eta Aldundiko  Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak mezenasgoaren onurez eta aukerez baliatzeko mintegia antolatu dute Tabakalerako 2deo – Euskarazko Ikus-entzunezkoen Laborategian, azaroaren 29an. Goiz osoko egitaraua izango da, eta zabalik da izen-ematea.

2deo Tabakalerako Euskarazko Ikus-entzunezko Laborategia da. Bere helburua euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena eta kontsumoa handitzea da, sormen testuinguru berriak sustatuz, ekoizpen-eredu eta formatu berrietan esperimentatuz, eta zabalkunde kanalak biderkatuz, betiere sektorea osatzen duten eragileekin elkarlanean eta herritarren partaidetza aktibatuz.

Tabakalera bezalako nazioarteko kultura garaikidearen ekoizpen zentro baten testuinguruan, talentua identifikatzea eta diziplinartekotasuna sustatzeaz gain, ikus-entzunezko sektorearentzako elkargune bikaina izango da laborategia, talentu berriak eta profesionalak elkartuko dituen lekua, gurutzatze honetatik proiektu berriak sortuko direlakoan.

Bada, jardun horren barruan kokatuko da hilabete amaieran ospatuko duten mintegia. Mezenasgoaren onurak eta aukerak izango dituzte hizpide, eta ondoren, laborategian bertan, world kafe saioa izango da, sektoreak identifikatzen dituen ahulguneez eta 2deok eskaintzen dituen aukerez hitz egiteko.

Goiz osoko egitaraua atondu dute, euskaraz, eta interpretazio-zerbitzua egongo dela iragarri dute antolatzaileek. Izen-ematea 2deo@tabakalera.eu helbidearen bitartez egin beharko da.

EGITARAUA

9:30-10:30 Mezenasgoaren Foru Araua: aukerak, prozedurak eta arrakastarako gakoak. Bittori Zabala (Zerga eta Finantza Politikako zuzendaria) eta Gotzon Egia (Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzako zerbitzuburua).

10:30-11:00 Galdera-erantzunak

11:00-11:30 Atsedena

11:30-13:00 World Kafea