Pascal Gaigne zinema konposatzaileari eskainitako omenaldi batek abiatu zuen azaroaren 15ean Pasaiako IKUSKA Film Laburren Erakustaldia. Azaroaren 23era bitarte egingo dituzte saioak, Trintxerpeko alkateordetzan.

Urteak dira jada jaialdiak bere bidea egiteari ekin zionetik, eta egun sortzen duen interesak erakusten du oraindik ere erreferente dela bere espezialitatean. 3000 milatik gora lan aurkeztu dituzte jaialdiak zabaldutako deialdira, eta denak aztertu ostean, antolatzaileek egindako aukeraketa batek osatuko du Sail Ofiziala: 29 proiektuk, hain zuzen ere. Beste sail paraleloetan egingo diren proiekzioak, eta programaturiko bestelako jarduerek osatuko dute egitaraua.

Pascal Gaigne musikagileari eskainitako omenaldia, emakumea hainbat arlotan islatzen duten ‘Emea eta anitza’ film laburren proiekzioa, Gaugasa umorezko film laburren saioa eta nazioartean saritutako O que arde (Oliver Naxe, 2019) filmaren proiekzioa izan dira ekitaldi protagonistak iragan asteburuan, eta Sail Ofizialeko lehiaketarako hautatutako filmak izango dira ikusgai 22ra bitartean. Sari hauek lortzeko lehiatuko dira: Film labur Onena (1.200 euro) eta Zuzendari Onena (600 euro).

Gainerako sariak 500 eurokoak izango dira: Emakumezko eta Gizonezko Aktore Onenak, Epaimahai gaztearen Sari Berezia, eta azkenik, Ikus-entzuleen Saria. Halaber, Euskarazko film labur onena sarituko dute, Mintzalagun Saria, beste 600€-ko ordainsaria. Hilaren 23an izango dugu epaimahaiaren erabakiaren berri, 19:00etatik aurrera ospatuko duten itxiera ekitaldian.

Aztertu gainerako sailen emanaldi zein bestelako ekimenak, hemen.