Aurreko urteko edizio berritzailearen ondoren, aurtengoan bere zutabeak sendotzen jarraituko du Lekeitioko Euskal Zine Bilerak. 42. edizioa ospatuko du aurten, azaroaren 23tik 30era bitartean.

Euskara eta zinema batzen dituen jaialdiak, Euskal Herriko ikus-entzunezko sektorearen atal ezberdinak bilduko ditu, berriz ere, zinemako profesional eta zaleak biltzeko gunea eraikiz. Zine Bilera hasteko egun gutxi batzuk baino ez gelditzen direnean, aurkeztu dute 2019 urtean hartuko duen norabidea.

Bada, 40 + 1. edizioan sortutako Branka, Ganbara eta Zerumuga atalak indarberrituko dira, ikus-entzunezko lanen iragana, orainaldia eta etorkizuna lotuko dituzten espazioak finkatuz. Era berean, 42. jaialdiak euskal ikus-entzunezkoaren arlo profesional eta ez-profesionalak landuko ditu, horretarako hainbat jarduera bultzatuz: sektorearekin harremanak lantzeko hitzaldiak eta lantegiak, herriko ondarea osatzen duten irudiak berpizteko ekimenak, ikas komunitateen baitan antolatutako animazio lantegietan edota omendutako figura eta ekimenei eskainitako atzera begirakoak eta noski, jada historikoa den ikus-entzunezko lanen lehiaketa.

Branka. Atal honetan historikoa den lehiaketa aurkituko dugu. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da hau, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Aurten, 57 izan dira lehiaketara aurkeztu diren lanak eta horietatik 20 izan dira aukeratuak. Egindako esfortzua eskertzeko helburuarekin, azken hauen egileek 200 euroko saria jasoko dute lehiaketarako hautatuak izanagatik. Horretaz gain, sariak ematean zuzendaritza, gidoia eta film onenaren arloak ezberdindu dira, eta ikusleek ere haien puntuaketen bidez ikuslearen saria aukeratuko dute.

Atal berberaren barnean, Euskaltzaleen Topaguneak bi urterik behin ematen den Benito Ansola Sariak 5. edizioa beteko du gazteei euskarazko ikus-entzunezko berriak ekoiztu ditzaten bidea zabalduz. Aurtengo deialdian aukeratutako hiru proiektuen pitching saioa egingo da, non sortzaileek beraien proiektuak defendatu beharko dituzte Amancay Gaztañaga eta Lara Izagirrek osatutako epaimahaiaren aurrean. Proiektu saridunak, lana aurrera eraman beharko du hurrengo urtean eta 43. EZBren edizioan aurkeztuko da.

Horiez gain, (H)emen plataformarekin elkarlanean profesionalen III. topaketak antolatuko dira, eta Euskaltzaindia eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin elkarlanean, ekimen berezi bi aurkeztuko dira: batetik, Euskaltzaindia: Egunak eta lanak izeneko dokumentala proiektatuko da eta, ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin solasaldia izango dute bertaratuek, eta, bestetik,  “Kartzela” izeneko serie digitala aurkeztuko dute, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) arnasguneak indartu nahi dituen Arnasa Gara izeneko kanpainarekin bat eginez sortutakoa.

Ganbara. Euskal Zine Bilerak iraganera botatzen du begirada Atzo8  proiektuarekin eta, erronka honi lotuta, Euskadiko amateur zinemaren historia sortzea proposatuko du «Zinemaren artisauak» ekimenak. Filmak, zinemagilea, zineklubak eta jaialdiak berreskuratu, eta tokiko esparruetatik abiatuta, kulturaren, gizartearen eta politikaren arloan garrantzi handia izan arren oso gutxi aztertu den zinemako praktika horren mapa zehatza landuko da (Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia).

Era berean, Juanmi Gutierrez omenduko du aurtengo Euskal Zinemaren Begiradak. Errenteriarrak film labur eta dokumentalgintzan ekarpen oparoa egin dio euskal zinemagintzari, baita ikerketaren eta irakaskuntzaren alorretan ere. Hori dela eta, Lekeition aurkeztu eta sarituak izan ziren hiru film labur proiektatuko dira: Itxoiten (1982), Izeba Rosa (1984) eta Urbeltzak, Orosia (2003). Eta hori gutxi balitz, bere azken lana izan zena Lekeition estreinatuko da primizian: Denbora aldakorra (2019).

Zerumuga. Zinemaren bidezko eta zinemaren beraren pedagogia ardatz duen programa pedagogikoa da Zoom. Lekeitioko ikas-komunitateen baitan zinemagintzaren ahalmen pedagogikoa landuko da lantegi, formakuntza saio, proiekzio eta gainontzeko ekimenen bitartez. Aurten Neska Banda (GirlHood) filma proiektatuko da, euskarazko azpitituluekin, Filmazpit ekimenarekin elkarlanean. Lekeitioko ikastetxeetako ikasleentzako emanaldia izango den arren, proiekzioa publikoa eta doakoa izango da gainontzeko publikoarentzat, aforoa bete arte.

Zerumuga atalaren zati da urrian ospatutako Kameratoia. Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean antolatutako gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko rally-ak bere 15. edizioa ospatu zuen, eta sormenezko ariketa den honetan, partehartzaileek ordu gutxi batzuk izan zituzten haien filmak egiteko. 9 lan aurkeztu zituzten guztira.

Euskarazko zinemaren presentzia indartzeko helburua duen jaialdia da Euskal Zine Bilera: egin diren, egiten ari diren eta egingo diren euskarazko filmen eztabaidarako eta ikuskaketarako bilgunea. Horren erakusle da hemen aztertu dezakezuen egitarau orotarikoa.