Lur Olaizolak (Donostia, 1988) zuzendari modura osatutako lehen lana, Xulia labur dokumentala, Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian eskaini berri dute, eta handik Gijongo Nazioarteko Zinema Jaialdira joango da aste honen amaieran. Heroinak eta HIESak desagertarazi zuen belaunaldiaren memoriara egindako bidaia da, galdutako kontakizun horien berreskurapena, Xulia izeneko protagonistaren eskutik.
1985ean, Xulia desintoxikazio zentro batean zegoenean, gertaera batek bere bizitza markatu zuen. Urte batzuk beranduago ‘Futuro imperfecto’ idatzi zuen, liburu bilakatutako memoria ariketa bat. Zerk irauten du zutik? Nola ibili iraganeko aztarnetan zehar? Xulia bidaia bat da. Belaunaldi oso baten memorian barruratzen den bidaia, bada, Olaizolak proposatuko diguna.
Prozesuaren inguruan galdetutakoan, “Beti esan izan da zinema kolektiboan sortzen den artea dela, eta proiektu honen ostean, nik ere halaxe sentitzen dut. Lan egiteko oso era partikularra da”, adierazi digu.
Gaur egun Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan egiten du lan Olaiozolak, ikus-entzunezkoen atalaren koordinatzaile modura, baina New Yorken zein Bartzelonan bizitakoa ere bada, ikus-entzunezko artista eta kultur-ekoizle jardun baitzuen bertan. Horrez gain, Argian eta Euskadi Irratian, besteak beste, ere kolaboratzen du, merkatu komertzialetik at egiten den zinemagintza, sormen korronte berriak, tokiko proiektuak, eta, oro har, herritar gehienoi oharkabean pasatzen zaizkigun zinemaren inguruko gogoetak lau haizetara zabaltzen.
Berarekin izan gara Tabakaleran, eta honakoa elkarrizketaren lehen zatia da, Xulia proiektua aletzeko baliatu duguna. Laster bigarrena!