Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBI 61ek, Bertha Gaztelumendik zuzendutako Ez, eskerrik asko (Gladysen leihoa)  film luze dokumentala estreinatuko du azaroaren 12an, Bertoko Begiradak sailean. Gladys del Estalen erailketa ekarriko du gogora, 40 urte igaro direnean.

Bertha Gaztelumendi, Sabino Ormazabal gidilariak eta Silvia Mendibil filmaren aurkezpenean. (Argazkia: Zinebi)

1979ko ekainaren 3an, guardia zibil baten tiroak Gladys del Estal gaztea hil zuen Tuteran. Mugimendu antinuklearrak aldarrikapen festa deituta zuen han Energia Nuklearraren aurkako Nazioarteko Jardunaldiaren barruan, Harrisburgeko (AEB) zentral nuklearrean izandako istripu larriaren ondoren. EiTBren laguntza duen Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa dokumentalak 60 minutu inguruan azalduko du nor zen 23 urteko neska hura, eta nolakoak izan ziren gertakariak. Horrez gain, Euskadin eta Europan bere heriotzaren aurretik eta ondoren izandako gertaerak ere jasoko ditu.

Gladys del Estal, 1951tik martxan dagoen Bardeetako tiro-poligonoaren aurkako protestetan hil zuten, Espainiako Gobernuak Soto de Vergaran (Arguedas eta Tutera artean) zentral nuklear bat eraikitzeko proiektua esku artean zuen garaian. Gladys hil baino hilabete batzuk lehenago, istripu bat izan zen Three Mile Islandeko (Harrisburg, AEB) zentral nuklearrean, eta horrek zutik jarri zuen Europako mugimendu ekologista. Gladys del Estal Ferreño Donostiako Egia auzoan bizi zen, programatzaile informatikoa zen eta bere lana Kimika ikasketekin uztartzen zuen. Militante ekologista ere bazen, eta, horregatik, ekainaren 3an Tuterara joan zen, Batzorde Antinuklearren deiari erantzunez.

Egun horretan, Guardia Zibila bortizki sartu zen Prado pasealekuan, aurretik baimendutako ekitaldi baketsuaren kontra. Gladys hilik eraman zuten ospitalera, buruan emandako tiro baten ondorioz. Tiro egin zuen agenteari 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, heriotza eragin zuen zuhurtziagabekeri delitu batengatik.

Bada, gertakari lazgarriaren inguruko dokumentala osatu dute Bertha Gaztelumendi zuzendariak, Sabino Ormazabal gidoilariak eta Silvia Mendibil ekoizleak. Bihar, azaroaren 12an, estreinatuko dute ZINEBIn, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdian. Azken ekoizpen lanei arreta berezia ematen dien eta lehiaketatik kanpo dagoen ZINEBIko Bertoko begiradak atalean proiektatuko dute filma, beste 4 film luze dokumental eta 21 film laburrekin batera.