Iragan azaroaren 1ean amaitu zen Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Astea, eta ondorengo zenbaki borobilak utzi ditu: 23.353 ikuslek gozatu zuten azaroaren 3ra arte luzatu ziren jarduerekin.

“Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea ez da soilik filmen proiekzio ekitaldi hutsa, hiriko txoko ugari blaitu eta kutsatzen dituen ekimen kontsolidatua baizik”, jaialdiak 30 urte bete izanaren garrantzia nabarmendu du Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotzi ordezkariak 2019ko egitaraua aurkezteko egindako agerraldian. Bada, kontsolidazio horren erantzule den publiko leiala omentzearen arrakastaz igaro dute hogeita hamargarrena ere.

Bere egikera bikainagatik eta, batez ere, gidoiaren originaltasunagatik, “maisutasun handiz heltzen  baitie generoari, gorputzari eta animalia instintuei buruzko alegoria binarioei”, Dean W. Law australiarraren Stray (2019) filma izan da garaile.  Itziar Castro, Fernando Iwasaki eta Elisa McCausland-ek osatutako epaimahaiak, gainera, Melinda Joan Reed aktorearen “antzezpen gailena” nabarmendu zuen. Horrez gain, aipamen berezia eskaini zien Nico Van Den Brink holandarraren The Burden /Het Juk (2019) lanari -“bere istorio biribilagatik, gidoiak, originala izateari utzi gabe, ezin hobe biltzen baititu aldi berean beldurrezko genero klasikoaren elementu guztiak”- eta Erica Scoggins estatubatuarraren The Boogeywoman (2019) lan apurtzaileari.

Bada, 23.353 ikuslek gozatu dute Astearen 3ra arte luzatu ziren jarduerekin. Antzoki zahar eta Victoria Eugeniako proiekzio ofizialetara 10.027 pertsona hurbildu dira eta programatutako gainerako jardueretara 13.326: kaleko inaugurazioa, tailerrak, beste emanaldi paralelo batzuk leku desberdinetan… Urtez urteko erreferentzialtasunari eutsi dio 30. aldiz jaialdiak, eta mundura zabaldu du bere egiten duen publikoak.

Jaialdiaren egunak amaitu izanagatik, Astearekin batera antolatutako 4 erakusketa daude oraindik zabalik:

Creators of Legends – HR Giger-i omenaldia Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoa (San Jeronimo) (azaroaren 10era arte)

Euskadi Fantastikoa XV: Beñat Olea – Ajuar funerario Udal Liburutegi Nagusia (Alderdi Eder) (azaroaren 16ra arte)

Roland Topor-en fantasiazko artea Kutxa Kultur Plaza (Tabakalera – 4. solairua) (abenduaren 8ra arte)

Paul Naschy – Autobiografia bat iruditan Okendo KE (abenduaren 14ra arte)

Oihua! Film laburren proiektu lehiaketa

Horrez gain, berriki aurkeztu dute Oihua! Donostiako Fantasia eta Beldurrezko Zinema Astearen txapelpean antolaturiko film laburren proiektu lehiaketa. Euskaraz filmatzen den fantasiazko generoa indartzeko helburuarekin sortu dute, gidoiaren sorkuntza nobela saritu nahi du, ikus-entzunezko profesionalek aukeratutako proiekturako zeharkako aholkularitza bat ezarrita, eta azken emaitza izango da film labur bat ekoiztea eta egitea, dena Larrotxene Bideoren tutoretzapean. Film laburra Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astean (2020) estreinatuko da.

Hautagaitzak aurkezteko epea 2019ko abenduaren 19an amaituko da, 24:00etan.