Urteko lehen zita zinematografikoa izaten da Donostian, musika dokumentalei eskainitako Dock of the Bay festibala, eta hamahirugarren edizioa urtarrilaren 13tik 18ra egingo dute. Aurtengo ekitaldiaren kartela eta Elkarrizketak izeneko atal berria iragarri dituzte gaur bertan.

Antzoki Zaharra, Trueba zinemak eta Tabakalera izango dira, beste behin ere, Dock of the Bay musika eta dokumentalgintza uztartzen dituen Donostiako jaialdiaren aterpe. Edizio berri honen kartela Estudio Primok osatu du, eta horretarako, Ian Curtis, Blondie eta Freddie Mercury izarren erretratuen zatiak collage moduko batean bildu dituzte.

Egileen hitzetan, “Jaialdiari irudi zinematografikoago bat eman nahi genion […]. Gustatzen zaizkigun musikari ikonikoen argazki zatietatik abiatuta, erretratu desberdinak sortu ditugu, nahiko abstraktuak, indarrez betetako pertsonaia misteriotsuak eta irrealak sortzeko”. Hiru maisuok batuz gero, haien sorkuntzak izango lukeen kalitate eta izaeraren inguruko hausnarketa ere egin nahi izan dute.

Elkarrizketak, atal berria

Irudia ez ezik, Elkarrizketak atal berria ere aurkeztu dute antolatzaileek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirola sailarekin elkarlanean diseinatu dute, eta helburu nagusia, sortzaile, errealizadore, kritikari eta ikusleen arteko elkargune bat sortzea izan da. Hala, sortzaileen eta publikoaren artean solasaldi bat eragingo dute, Aarón Rodríguez Serranok gidatuta, eta bi gai nagusi izango dituzte mintzagai: Kantak (elkar)kontatzearen plazera eta Pelikulak (elkar)kantatzearen plazera.

Kontakizunak eraikitzen dituzten film eta abestien inguruan hausnatzeko parada izango da bertan, zinemaren sorkuntzan zein kontsumoan parte hartzen duten bi alderdiak batuta. Azken finean, jaialdiaren oinarri nagusiak diren ikus-entzunezkoak eta musika beste formatu batean elkartzeko modua izango da, eta parte hartzeko, info@dockofthebay.es helbidera idatzi beharko da.

Datozen asteetan iragarriko dituzte jaialdiaren programazioa eta orotariko egintzen agenda, beraz, adi egon!