Aurkeztu dute Orozkoko IV. Film Laburren Lehiaketa. Edizio berezia izango da aurtengoa, ohiko lehiaketaz gain, ikus-entzunezko rallya antolatuko baitute azaroaren 30ean. Ahalik eta parte-hartze zabalena espero dute.

Hilaren amaieran finkatu dute hitzordua, azaroaren 30ean. Parte hartzaileek  goizeko bederatzietan eman beharko dute izena Supelaur elkartearen lokalean, eta arratsaldeko 18:00ak arte izango dute tartea lanak pentsatu, grabatu, muntatu eta entregatzeko. Bideoek 3 minutuko iraupena izan beharko dute gehienez, eta euskaraz errodatuak edota azpititulatuta egon beharko dira.

Ohiko lehiaketa

Rallyaz gain, ohiko lehiaketa ere egingo dute. Parte hartu nahi dutenek Supelaur.kt@gmail.co, helbidera bidali beharko dituzte bideoak, azaroaren 30a baino lehen. Lanek gehienezko 10 minutuko iraupena izan ahalko dute, eta rallyan bezala, euskarazkoak edo azpititulatuak izan beharko dira.

Azaroaren 30ean izango da aukera guztiak ikusteko, 19:00etan, herriko Donibane Aretoan. Sari banaketa egingo dute orduan ere: 250€ rally lehiaketako film onenari, 250€ euro lehiaketa arrunteko proiektu onenari, eta 250€ publikoak bozkatutako film onenari .