Amancay Gaztañagak eta Lara Izagirrek aukeratu dituzte Benito Ansola V. Sariko hiru finalistak. Egileek azaroaren 30ean Lekeition ospatzen den 42. Euskal Zinema Bileraren barruan defendatu beharko dituzte, eta ekitaldi horren itxieran jakinaraziko dira irabazlearen eta lanaren izena.

Amancay Gaztañagak eta Lara Izagirrek aukeratu dituzte Benito Ansola V. Sariko hiru finalistak.

Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak euskal kultura zabaltzeko eta gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten laguntzeko antolatu dute bostgarren Benito Ansola Saria, EHUko Mikel Laboa katedraren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzaren laguntzarekin.

Amateurrak profesional bihurtzeko baliatu dezakeen giltza da deialdia, eta euskarazko zinemagintza bultzatzekoa, halaber. Izan ere, Benito Ansola sariak profesionalizaziorako bidean dauden euskarazko ikus-entzunezko sortzaileei laguntzeko eta euskarazko zinemagintzan harrobia sortzeko helburua du.  Irabazleak, 3.000 euroko saria jasotzeaz gain, bere lanaren gaineko ikusmira sortuko du, Euskal Zine Bileran estreinatuko baita gauzatzen duen proiektua.

Bada, bosgarren edizio honetan parte hartu nahi izan duten gazteek, proiektuak (fikzioa, sortzailea, animazioa edota dokumentala) 2019ko irailaren 20a baino lehen aurkeztu behar izan dituzte. Saritutako proiektuaren izena, aldiz, 2019ko Lekeitioko Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko da, azaroaren 30ean. Irabazleak, izendapena jaso eta 2020ko irailaren 4ra bitarteko epea izango du ikus-entzunezkoa bukatu eta antolakuntzari helarazteko.

 Aniztasuna nagusi

Urte honetan proiektuen aniztasuna nabarmendu dute Amancay Gaztañaga sortzaileak eta Lara Izagirre zuzendariak, bai formatu aldetik eta bai gaiaren aldetik, ikus-entzunezkoek urrezko aro honetan bizi duten gorakadaren ondorio gisa.

Ibilbide handiko bi profesional hauek adierazi duten moduan, aukeraketa saila izan arren oreka bat lortzen saiatu dira, lan profesionalen eta amateurren artean, hasiberriei aukera emanaz, eta, aldi berean, maila profesionalagoa duten lanak bultzatzeko asmoarekin. Horretaz gain, proiektuen sendotasuna eta bideragarritasuna ere aintzat izan dute. Beste irizpideetako bat genero berdintasuna izan da, gaian eta produkzioan aukera berdintasuna bermatzeko.

Euskal Zine Bileran ezagutuko da irabazlea

Epaimahaikideek aurre-aukeraketa bat egin dute jasotako lan guztien artean, baina hiru lan hauen egileak azaroaren 30ean ospatzen den 42. Euskal Zine Bileran ezagutuko dituzte aurrez-aurre. Izan ere, finalista bakoitzak 45 minutu izango ditu haien aurrean lanak bilera pribatu batean aurkezteko. Arratsaldean berriz, hamabost minutuko defentsa izango dute 42. Euskal Zine Bileraren barruan ospatzen den ekitaldiko publikoaren aurrean.

Aurkezpen guztien ostean, epaimahaikideek iragarriko dute zein izan den Benito Ansola V. Sariaren irabazlea, 3.000 euroko saria emanaz. Egileak hamar hilabeteko epea izango du proiektua gauzatzeko, eta Euskal Zine Bilerako hurrengo urteko edizioan estreinatuko da.