Zuzendaria: Aritz Moreno
Herrialdea: Euskal Herria
Urtea: 2019

-Trenez egindako bidaia baten paranoiak-

Aritz Morenoren opera prima izan da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Asteari amaiera emateko film arduraduna. Zuzendari donostiarraren ibilbidea gertutik jarraitu dugu aspalditik, bere bideoklipak, publizitate lanak eta laburmetraiak arrakastatsuak suertatu baitira beti [Zinemaldi askotan hautatuak eta sarituak izan diren COTTON CANDY (2009), BUCLE (2011) eta CÓLERA (2013), esaterako, Vimeo plataforman daude ikusgai]. Honi esker lortu du Morenok anbizio handiko proiektu hau aurrera ateratzea, VENTAJAS DE VIAJAR EN TREN izena duen fikziozko thriller konspiranoiko sailkaezin hau.

Filma Antonio Orejudoren izen bereko eleberrian oinarrituta dago eta Morenoren hitzetan, “Errealitate bihurtutako ametsa da gogokoen dudan nobeletako bat moldatu izana”: Istorioaren abiapuntua trenean Helga Pato editore gazteari ezezagun batek egingo dion galdera da: Nire bizitza kontatzea nahi? Horrela, Ángel Sanagustínek, nortasun nahasmenduan aditua den psikiatrak, zaborrarekin obsesionatuta dagoen gaixo paranoiko eta arriskutsu baten kasua kontatuko dio. Ezagutzen duen kasu kliniko okerrena, zalantza izpirik gabe! Baina istorio bitxi horretan ezer ez da dirudiena eta, egia bilatu nahian, beste hainbat istorio delirante ezagutuko ditugu, gero eta eroagoak. Bitartean, gainera, Helgaren iragana ezagutuko dugu ere, ez baita edozein editore; bera ere ero baten biktima izandakoa da.

Hasiera batean, horrelako eleberri gorapilatsua nola moldatu ez zekitela aitortu du Leire Apellanizek, filmaren ekoizle nagusiak, trama bakoitzak beste trama asko ezkutatzen baititu barruan: “Aritzek aldiz argi zeukan zer kontatu nahi zuen, baita nola egin ere. Horregatik,  Javier Gullonekin gidoia egokitzen hasi ginen, babes ekonomikoa lortuko genuen itxaropenarekin”. Bost urte geroago, harro agertzen dira egileak emaitzarekin, ezohiko estruktura duen film bitxi honekin. Lagunen artean eta “etxean” sortutako filma izateak arrakastari mesede egin diola azaldu dute. Morena Films, ibilbide handiko tokiko ekoiztetxeak, hasieratik parte hartu zuen proiektuan eta kokaleku gehienak inguruan filmatu dituzte, “Murcia Lasarte da eta Kosovo, esaterako, Segovian filmatu genuen”.  Gainera, Javi Aguirre argazki zuzendaria ezaguna zuten, baita bere goi malako proposamen bisuala ere. Istorio desberdin guztiak unibertso beran kokatzen ditu elipsiak eta kolore oria nagusituz. Eroen kolorea, hain zuzen.

Pronostiko guztien aurka, eta Morenorengan konfiantza handia ipiniz, ospe handiko aktoreek ere baiezkoa eman zioten proiektuan parte-hartzeari: Luis Tosar, Pilar Castro, Ernesto Alterio, Quim Gutiérrez, Belén Cuesta, Macarena García, Javier Godino, Stéphanie Magnin, Javier Botet eta Alberto San Juanek, hain zuzen.  “Massielek ere baiezkoa emadakoan ezin genuen sinistu”, azaldu du lantaldeak. Bai, bai…Eurovision jaialdia irabazi zuen Massiel abeslaria berarena da filmaren abesti nagusia, “El amor”. Eta Cristobal Tapiak sinatu du soinu banda (UTOPIA serieko soinu bandaren egile bera).

VENTAJAS DE VIAJAR EN TRENen helburu nagusia umore beltzaren bidez ikuslea deseroso sentiaraztea da. Sekuentzia berdina komikoa eta desatsegina suertatu daiteke aldi berean, eta baita amodio istorio bat beldurrezko istorio di-da batean bilakatu ere. Ikusleari irribarrea izoztuko zaio uneoro, azaleratzen dituen edukiak ez baitira edonorentzat. Inoiz imaginatu ez dituzun “filiak” aurkituko dituzu hemen. Morenok luzatutako erronka onartzeko prest? Hala bada, Sitgeseko Zinemaldian estreinatu eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren astetik igaro ondoren, ostiral honetan izango duzu ikusgai zinema guztietan.