Miren Gorrotxategi azpeitiarraren 33 ezkil eleberriaren zinemarako egokitzapena den Hil-Kanpaiak filma sortuko du Imanol Rayo zinemagileak. Bi hilabeteko prozesuaren ostean, amaitu berri dituzte errodaje lanak.
Rayoren bigarren filma izango da Hil kanpaiak. Aurretik, Bi anai (2011) errodatutakoa da iruindarra; liburu baten egokitzapena izan zen hau ere, Bernardo Atxagaren izen bereko eleberriarena, hain zuzen, eta 59. Donostia Zinemaldiko Zinemira sariduna izan zen.
Bada, gertaera dramatiko bat izango da bigarren istorio honen muina: Garizmendi baserrian giza-hezur batzuk agertu dira. Fermin eta Karmen senar-emazteek, zer egin ez dakitela, Nestor semeari deitu diote haien kargu egin dadin. Biharamunean, Fermin ez da ageri, eta Nestor konturatu da hezurrak ere desagertu egin direla. Poliziari jakinarazi, eta Ikerketa Kriminaleko bi inspektore bertaratu dira, Ezpeleta eta Kortazar. Bigarrenak jakin-min handia erakusten du. Baserria miatzen ari direla, hil-kanpaiak hasi dira auzoko baselizan.
Joanes Urkixok Miren Gorrotxategiren ‘33 EZKIL’ eleberrian oinarrituta idatzi duen istorioa eramango du pantaila handira Rayok, eta euskal zinemaren aurpegi ezagunez beteko du pantaila horretarako: Eneko Sagardoy, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Itsaso Arana, Yon Gonzalez, Asier Hernandez eta Iñigo Aranburu izango dira, besteak beste, talde artistikoak bilduko dituen izenak. ABRA PROD ekoiztetxea arduratu da ekoizpenaz, EITBren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Euskal Herriko banaketa, aldiz, Barton Films etxearen esku egongo da.
Amaitu dute errodajea
Pasa den irailean eman zieten hasiera HIL-KANPAIAK filmaren grabazio lanei. Gipuzkoan eta Nafarroan filmatu da iraila eta urria bitartean, eta behin amaituta, edizio garaia dute orain.
Rayok azaldutakoaren arabera, “Filmak izaera gogorreko unibertso bisuala du. Hori lortu ahal izateko ezinbestekoak izan dira kontrasteak: baserriak ematen duen giro hezea, Nafarroako iparraldetik Gipuzkoako ekialdera bidean dauen basoak, eta Bidasoako arroan dauden herri handietako herriguneak ere”. Izan ere, filma thriller eta genero beltzaren bidetik joango dela iragarri du zuzendariak, tragedia kutsu nabariarekin.