Euskal Herriko periferiak erdigunera ekarri asmoz, sei gazteri eman die ahotsa Topatu Euskal Herriko gazte proiektu komunikatiboaren Zizelkariak dokumentalak. Crowdfunding bidez finantzatuko dute, eta Durangoko Azokarako egongo da prest.

Euskal Herriko periferia geografikoetan bizi diren sei gazte izango dira Zizelkariak dokumentalaren protagonistak, ertzetako borroketatik Euskal Herri bizi baten gazte mugimendua irudikatuko duten sei esperientzia: Arkaitz, Ezkerraldeko Harian gazte talde prekarioko kidea; Edurne, Tuterako Erribera Intsumisa neska gazte talde feministako kidea; Maika, Aldudeko Ibarrean etxebizitzaren gaia lantzen duen AIBA taldeko kidea; Martta, Donapauleko euskalgintzan eta kulturgintzan ari den gaztea; Ibai, Irunberriko musikaria eta musika talde gazte ugaritako kidea; eta Jon, Arabar Errioxako gazte asanbladako kidea.

Sei gazte hauek euren herrietan bizi duten errealitatearen testigantza eskainiko dute Zizelkariak dokumentalean, lurralde bakoitzean aurrera eramaten dituzten borroken berri emanez. Era berean, euren herrietan eta, oro har Euskal Herrian, etorkizunean garatu beharreko borrokak ekarriko dituzte erdigunera, “elkarrekin Euskal Herri bat amestu eta irudikatzeko”.

Dokumentalaren ekoizpenak sortutako gastuei aurre egiteko, crowdfunding kanpaina abiatu dute itsulapikoa.eus plataforman. Norbanakoek zein elkarte edota kolektiboek egin dezakete ekarpena, eta hainbat opari jasotzeko aukera izango dute bueltan: dokumentala bera, oroigarriak, kamisetak, laminak, aurkezpenak egiteko aukera.

Ondo bidean, Durangoko Azokarako egongo da prest dokumentala.