Hebentik Elkarteak antolaturiko Xiberoa Zinez zikloa ospatu dute iragan asteburuan, urriaren 31n, eta azaroaren 1ean eta 2an, Maulen eta Gameren. Zinema, lurra eta poesia uztartuz, Xalbador bertsolaria, Etxahun Iruri eta Marcela Delpastre poetak berrikusi dituzte.

Maulen eman zioten hasiera mostra ttipiari, ostegunean, hilaren 31an. A fleur de Vie izeneko filma pantailaratu zuten orduan, Marcela Delpastre laborariaren eguneroko bizitzan, eta baita honek sortutako obran ere, sakontzen duen lana. Eneko Dorronsororen Xalbador: izena eta izana izan zen ikusgai ostean; Xalbadorren bertsoek txistuak jaso zituztenetik, kantariaren heriotzaren karietara Urepelen egin zioten omenaldira arteko irudiak biltzen dituen dokumentala. Fernando Aire Etxart (Urepele, Nafarroa Beherea, 1920ko ekainaren 19a – 1976ko azaroaren 7a) Urepeleko Xalbadorrenia etxaldean sortu eta bizi izan zen. Artzain-laboraria zen ogibidez, baina bertsoari eskaini zion bizitza. Bertsolari liriko eta poetikoa, seriostasuna eta malenkonia ordezkatu izan zituen anitzetan; bizitza, familia, baserria, fedea eta natura izan zituen bertsoetako gai.

Azaroaren 1ean, bestalde, Marcela Delpastre laborariaren inguruko beste bi film proiektatu zituzten L´aubre vielh (Henri Moline, 1977) eta Marcela, parole (Patrick Cazals, 1986). Azaroaren 2an, Mauleko Ondarearen etxean, Maite Barnetxek zuzenduriko Etxahun Iruri, pastoral idazlea filmaren emanaldiak itxi zuen egitaraua. Egun horretan, gainera, Mixel Etxekopar musikari eta kantariak Etxahun eta Xalbador, parea bai! izeneko hitzaldia eman zuen.

Ikusi ekimenaren xehetasun gehiago hemen.