Beste urte batez, Hazparneko Zinegin festibalaren karietara, KliKlap film laburren lehiaketa egingo dute azaroan. Ekimenaren helburua euskal bideogintza sustatzea eta bertako lanak ikuslego zabalari helaraztea da, eta parte-hartzaileek 48 ordu izango dituzte film labur bat grabatu eta ekoizteko.

Datorren azaroaren 21etik 24ra ospatuko dute Zinegin – Euskal Zinemaldia Hazparnen, eta euskal ekoizpen interesgarrienak bilduko dituen plaza bilakatuko da enegarrenez. Bada, ekitaldi handirako gosegarria izango da Kliklap, 15etik 17ra egingo duten film labur express lehiaketa.

Lehiaketan izena eman nahi duten parte-hartzaileek 48 ordu izango dituzte film labur bat grabatu eta ekoizteko. Azaroaren 15ean, 19:00etan, online bidez aurkeztuko zaie gaia, eta, hain zuzen, gai horretatik abiatutakoak izan beharko dira lehiakideek aurkezturiko proposamenak. Azaroaren 17an, 19:00etan  amaituko da lanak aurkezteko epea, eta azaroaren 23an, Zinegin festibalaren kari, proiektatuko dituzte jendeaurrean.

Film irabazleak Zinegin festibalaren garaian (azaroaren 21etik azaroaren 24ra) ezagutaraziko dira:

– 1. saria: 500 euroko opari-txartela Camara dendan erabiltzeko

– 2. saria: 300 euroko opari-txartela Kompa informatika dendan erabiltzeko

– 3. saria: Urtebeteko harpidetza MUBI plataforman

Izen-ematea

Lehiaketan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretiko inskripzioa. Ondoko informazioak bete beharko dira, eta Google forms plataformaren bidez igorri datorren azaroaren 15a baino lehen:

  1. Taldearen izena
  2. Taldearen arduradun baten izen-abizenak
  3. Taldearen arduradunaren emaila eta telefono zenbakia
  4. Taldearen kide guztien izen-abizenak

Zuk ere parte hartu nahi baduzu, araudia hemen deskarga dezakezu.