Betiko itzulera kontzeptuak dio denborak hasiera bat duela eta, beraz, bukaera bat ere. Baina bukaera hori iristen denean, denbora ez da iluntasun amaigabe bilakatzen. Amaiera iristen denean, sistema berrasten da, denbora berriro abian jartzen da eta gertaera berak ordena berean errepikatzen dira. Eta behin eta berriz, aldaketarik gabe, ziklo determinista hori erreberritzen da.

Friedrich Nietzsche filosofoak egin zuen kontzeptua ezaguna, eta idazle askok landu zuten ere. Jorge Luis Borges-en ipuin askotan aurkitzen da, Gustave Flaubert-ek Madame Bovary eleberrian lantzen du eta Hermann Hesse-ren Siddhartha-ren erdigune da ere, besteak beste. Baina gaur egungo mass-media kulturan, betiko itzulera kontzeptuak ezinbesteko garrantzia du, kontakizunen funtsesko oinarri bilakatu baita. Are gehiago, amaierek bere zentzua galdu dutela esan daiteke.

Reboot, remake eta serializazio prozesuek istorio baten amaiera ukatzen dute. Eta pertsonaia bat hiltzen denean, berpizteko modua bilatzen da kosta ahala kosta. Amaiera eta heriotza hitz baliokideak direla esan ohi da, eta erlazio hori kontakizunetan argi eta garbi ikusten da. Gure kultura globala heriotza ikusezin egiten saiatu da, bere halabeharrezko krudelkeria periferia batean ezkutatzen ahalegindu da. Jakin badakigu heriotza bizitzaren funtsezko zati dela, baina ahalik eta urrunen ikusi nahi dugu.

Jean-Luc Godard-ek zioen istorio guztiek hasiera, garapena eta amaiera izan behar dutela, baina ez nahitaez ordena horretan. Zentzu horretan, amaierarik gabeko kontakizunek esanahia galtzen dute. Amaierak istorio eta bizitzen balantze dira, euren behin betiko sena, erantzunez osaturikoa, baina baita ere galderez beterikoa. Eta erantzun ezin daitezkeen galdera horiek dira, azken batean, etorriko den kultura eta etorriko diren bizitzen gida. Istorioak itxi behar dira, errealitate berriak etor daitezen.