Hamahirugarren edizioa ospatuko du 2020 urtean Huhezinema – Euskal Film Laburren Jaialdiak. Motorrak berotzen hasi, eta martxan dira martxoan egingo duten ekimenaren lehen prestaketa lanekin: abian da jaialdia iragarriko duen irudia hautatzeko lehiaketa.

Urtez urte, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio Graduko ikasle talde batek antolatzen du euskal film laburren jaialdi ezaguna. Hamahirugarren edizioa izango da aurtengoa, eta laugarren ikasturtean horretarako propio sortu duten lantalde baten esku egongo da antolaketa, Iban del Campo irakaslearen gidaritzapean.

Bada, heldu diote ekimenaren prestakuntzari, eta kartel lehiaketaren deia zabaltzea izan da eman dute lehen urratsa. Gazte artistak galdegin dituzte, ahalik eta pertsona kopuru altuenaren talentu zein parte-hartzea, “sormena sustatu eta, bide batez, jaialdiari oihartzuna emateko”. Urriaren 31ean zabaldu zuten parte-hartze epea, eta abenduaren 29a izango da proposamenak aurkezteko azken eguna.

Antolakuntza taldeko ikasleek hautatuko du irudi irabazlea, eta 200€-ko ordain saria eta euskal produktuz osatutako otarra jasoko ditu bere egileak. Horrez gain, jaialdira bertaratzeko gonbidapena jasoko du, eta ekimeneko webgune zein sare sozialen bidez emango dute haren berri.

Ondorengoak dira ezinbestea bete beharreko oinarriak. Horiez gain, originaltasuna eta beste euskarrietara egokitzeko gaitasuna hartuko dituzte aintzat antolatzaileek.

-Lanak .TIFF formatuan eta A3 tamainan bidali behar dira, huhezinema@mondragon.edu emailera, egilearen izen-abizenak, adina, jaioterria eta telefono zenbakia atxikituz.

-2020. edizioko leloa HORROR STORY” da, eta kartelean azaldu beharko da nolabait. Horrez gain, hurrengo datuak ere agertu beharko dira:

  • “HUHEZINEMA 13” edo “HUHEZINEMA XIII” (norberaren gustuen arabera)
  • “Euskal Film Laburren Jaialdia”.
  • “2020ko martxoaren 25etik 27ra”.
  • “Aretxabaletako Arkupe kultur etxean”.

-Egileek zinemarekin lotuta dagoen kartela egin beharko dute, baina askatasuna izango dute kolore eta teknikari dagokionean.