Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Asteko Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako Epaimahaiak aho batez erabaki du Film Labur Onenaren Epaimahaiaren Saria Stray (Dean W. Law, 2019) filmari ematea. Larunbatean eman zioten amaiera jaialdiari, Donostiako Antzoki Zaharrean ospatutako itxiera ekitaldi berezi batekin.

Epaimahaiak aho batez erabaki zuen Film Labur Onenaren Epaimahaiaren Saria Stray (Dean W. Law, 2019) filmari ematea.
“Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea ez da soilik filmen proiekzio ekitaldi hutsa, hiriko txoko ugari blaitu eta kutsatzen dituen ekimen kontsolidatua baizik”, jaialdiak 30 urte bete izanaren garrantzia nabarmendu du Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotzi ordezkariak 2019ko egitaraua aurkezteko egindako agerraldian. Bada, kontsolidazio horren erantzule den publiko leiala omentzearen arrakastaz igaro dute hogeita hamargarrena ere.
Bere egikera bikainagatik eta, batez ere, gidoiaren originaltasunagatik, “maisutasun handiz heltzen baitie generoari, gorputzari eta animalia instintuei buruzko alegoria binarioei”, Dean W. Law australiarraren Stray (2019) filma izan da garaile. Itziar Castro, Fernando Iwasaki eta Elisa McCausland-ek osatutako epaimahaiak, gainera, Melinda Joan Reed aktorearen “antzezpen gailena” nabarmendu zuen. Horrez gain, aipamen berezia eskaini zien Nico Van Den Brink holandarraren The Burden /Het Juk (2019) lanari -“bere istorio biribilagatik, gidoiak, originala izateari utzi gabe, ezin hobe biltzen baititu aldi berean beldurrezko genero klasikoaren elementu guztiak”- eta Erica Scoggins estatubatuarraren The Boogeywoman (2019) lan apurtzaileari.
Palmares ospatu bezain anitza utzi zuen, Aritz Morenoren Ventajas de viajar en tren (2019) filmaren proiekzioa hartu zuen ekitaldiak. Ondorengoa, hain zuzen:
-Epaimahaiak banatutakoak
- EPAIMAHAIAREN SARIA FILM LABUR ONENARI (1.000 €)
Stray (2018). Dean W. Law. Australia
-Ikusleek banatutakoak
- IKUSLEEN SARIA FILM LUZE ONENARI
Extra Ordinary (2019). Mike Ahern eta Enda Loughman. Irlanda-Belgika
- IKUSLEEN SARIA FILM LABUR ONENARI (1.000 €)
The Burden / Het Juk (2019). Nico van den Brink. Herbehereak
- IKUSLEEN SARIA ANIMAZIOZKO FILM LABUR ONENARI (1.000 €)
Maestro (2019). Illogic. Frantzia
- IKUSLEEN SARIA ESPAINIAKO FILM LABUR ONENARI (1.000 €)
La última Navidad del universo (2019). David Muñoz eta Adrián Cardona
-Besteak
- “ZILARREZKO MÉLIÈS” SARIA EUROPAKO FILM LABUR ONENARI: Turn / Umskipti (2018). Sesselía Ólafsdóttir, Peter Callow. Finlandia-Islandia
- Gazte Epaimahaiaren Saria Film Labur Onenari: O.I. (2018). N’cee van Heerden. Kanada
- Syfy Saria Espainiako Film Labur Onenari (3.000 €): El fin de todas las cosas (2019). Norma Vila
- Blogos de Oro Saria Film Luze Onenari: Bliss (2019). Joe Begos. AEB
- Ikusleen Saria Fanzine Onenari (Babeslea: FNAC Donostia): La valla