Seigarren urtez Zinema eta Buru Osasuna zineforuma antolatu du Agifesek, buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak. Azaroaren 4tik aurrera, proiekzioak egingo dituzte hileko astelehen guztietan.

Urtean bitan ospatu izanagatik, jende ugari erakartzen duen arrakastak izan ohi dira Agifesek atontzen dituen bi zikloak. Zinema sentsibilizaziorako tresna gakoa izan daitekeelaren sinismenez, buruko osasun arazoen, bereziki depresioaren, ezagutza zabaltzen laguntzen duten filmak proiektatzen dituzte. Donostian egiten duten mostra batean, batetik, eta Gipuzkoako eskualde guztietara iristen den sorta ibiltari batean, bestetik.

Bada, hiriburuan egingo dutena aurkeztu dute berriki. Saioak azaroaren 4an, 11an, 18an eta 25ean izango dira, Principe aretoan, eta sarrera doakoa izango da; gonbidapenak zinemako leihatilan bertan jaso ahal izango dira, pelikula bakoitzaren proiekzioaren aurreko astean zehar, astelehenetik aurrera. Pelikulak aurkeztutako gaian sakondu nahiko balu, emanaldiaren ostean egingo diren solasaldietan parte hartzeko aukera izango du publikoak.

Azaroaren 4an hasiko dituzte emanaldiak, Barbra Streisand-ek zuzendutako The prince of Tides (1991) filmarekin. Depresioaren eta suizidioaren inguruan gogoeta egiteko aukera izango da hitzordua. Azaroaren 11an, aldiz, The Hours (2002) filmaren txanda izango da, euren bizitzari zentzua ematen saiatzen ari diren garai ezberdinetako hiru emakumeren bizitzan oinarritutako drama estatubatuarra.

Lars and the Real Girl (2007) izango da hurrengoa hilaren 18an; gizon bakarti batek panpin batekin duen maitasun istorioa. Zikloari amaiera emateko, azkenik, Que nadie camine por mi mente con los pies sucios antzezlanaren grabaketa proiektatuko dute azaroaren 25ean.