Zabaldu dute Zineskola egitasmoaren 2020ko deialdia. Beren ikasleekin irudi bidezko heziketa landu nahi duten lehen hezkuntzako irakasleek 2019ko azaroaren 15a arteko epea izango dute izena emateko.
Zineskola programak euskarazko animazio filmak deskubritzeko aukera eskaintzen die lehen hezkuntzan matrikulatuta dauden Ipar Euskal Herriko ikasleei, lurraldeko 10 zinema aretoetan antolatzen dituzten emanaldien bitartez. Laguntza pedagogikoa eskaintzea, eta hizkuntza eskola eremutik kanpo erabiltzeko bultzada ematea da, oro har, egitasmoaren helburu nagusia.
Gabarra films (eragile teknikoa) banatzailea, Hezkuntza Nazionala eta Ikas euskal pedagogia zerbitzua (ustiapen pedagogikoa), Cinevasión – Iparraldeko Zinema Gela Taldeen Elkartea eta Uda Leku (aisialdia) eragileez osatutako talde pedagogikoa osatu dute, eta guztien artean irakasleak formatuko dituen edukiak atondu dituzte. Behin formakuntza saio horiek jasota, beren ikasleekin landuko dituzte filmek azaleratzen dituzten auziak.
Interesatutako irakasleek Zineskola formularioaren bitartez gauzatu beharko dute izen ematea, datorren azaroaren 15a baino lehen.