Erritmoak ez du etenik Donostiako Kresala Zineklubaren programazioan. Azaroa iristear dago eta harekin batera, film berrien programazioa aurkeztu dute, hainbat gonbidatu eta kolaborazio direla medio.

Besteak beste, ‘Lof mér að falla / Let Me Fall’ (2019) film dramatikoa izango da ikusgai azaroko programazioan.

Kresalan zineklubek historikoki izan duten funtzioa gailentzea izan da Kresala zineklubak kurtso berriarekin batera hartutako asmoa: zinemaren historiak eman dituen filmak berreskuratu eta pantailetara berriz ekartzea. Zinema ez-komertzialaren baitan sortzen duten iritzi gune bereziari bizitza ematen jarraitu nahi dute azaroan ere, eta hauxe atondu duten programazioa.

Kenji Mizoguchiren Ugetsu monogatari / Tales of a Pale and Mysterious Moon After the Rain (1953) filmak izandako arrakasta ikusita, maisu japoniarrari atzera begirakoa eskaintzea izan da ikasturte berri honetan eutsitako lehen erronka. Lan hauek jasandako zaharberritze prozesuari esker eta Capricci Cine-k banatzeko egin duen ahaleginari esker, zazpi emanaldi atondu dituzte orotara, eta, hain zuzen, sorta horren bigarrena hartuko du Trueba aretoak datorren azaroaren 4ean, astelehenean: Gion bayashi / Los músicos de Gion (1953).

Aurkezpenean eta ondorengo solasaldian, Antonio M. Arenas (zine kritikaria eta EQZE-ko ikaslea) izango da gonbidatu berezia.

Azaroak 11n, iragan denboraldian Zero Pobrezia elkartearekin egindako kolaborazioa errepikatuko dute. Zalantzarik gabe, berezia izango den saio horretan, Burkina Fasotik heldutako Notre Étrangère eta Chica seria y resposable  film laburrak izango dira ikusgai. Doako saioa izango da, eta elkarteko kideak izango dira gonbidatuak.

Juanmi Gutierrez zinemagile donostiarra omentzeko tartea izango da azaroaren 18a, eta Paseko Txoriak (2019) bere azken proiektua izango da proiektatuko duten filma. Afrikatik zetozen etorkin taldeen egoera eta, muga ondoan kokatutako paseko hiri gisa, Irunen aurkitu zuten, eskuzabaltasuneko mugimendua jasotzea izan zen Gutierrez proiektua errodatzera bultzatu zuen arrazoia, eta pantailan ikusgai izango den dokumentala da horren emaitza. Kany Peñalba eta Pello Gutierrez izango dira gonbidatuak.

Hurrengo astelehenean, hilaren 25ean, Baldvin Zophoniasson islandiarraren Lof mér að falla / Let Me Fall (2019) film dramatikoa izango da ikusgai. Kirolari eta ikasle bikaina den Magnea protagonistak, bere inguru aberatsa alde batera utziko du Stella kidearen nortasuna eta ez ohiko bizitzarekin liluratuta. Hain zuzen, bere aldaketa pertsonal hori lehen lerrotik bizitzeko aukera izango dute bertaratuek.

Donostiako Udalarekin elkarlanean antolatuko dute hilabeteko azkena, hilaren 26an. SODePAZ Elkartearen laguntzarekin, 3000 Layla (2015) film palestinarra ekarriko dute Trueba aretora, irakasle palestinar baten haurdunaldi eta bizipenetan oinarritutakoa. Berritasun modura, Tabakaleran egingo dute saioa, eta doakoa izango da.