Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuaren eta Italia Txiki elkartearen ekimenez, gaur bertan, urriak 30, hasi eta ekainera arte luzatuko den Mosaiko Italiarra 2, zinemaren eta literaturaren artean zikloa egingo dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Hilean film bat proiektatuko dute, zortzi orotara, eta haien bidez Italiako zineman zehar bidaia bat proposatuko diete ikusleei.

Maiz diogunez, zinemak, literaturak, musikak eta orotariko arte adierazpideek islatutako errealitateek ez dute gaurkotasunik galtzen urteek aurrera egin ahala. Bada, horren erakusle izan nahi du Mosaiko Italiarra 2 zinema zikloak ere, 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetako film italiarrek egungo kezka sozialak barne hartzen dituztela erakutsiz. Klaseen arteko ezberdintasun eta borrokak, indarkeria, ustelkeria kasuak, etorkizunarekiko ezjakintasuna… dira, besteak beste, literaturatik pantaila handira eramandako zortzi filmen oinarriak, eta horien inguruan ardaztuko da Aldundiak eta Italia Txiki elkarteak atondutako programazioa.

Italia Txiki irabazi asmorik gabeko elkarte kulturala da. Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian biltzen diren jatorri italiarreko herritarren elkargunea da, nagusiki, eta lagun horien eta euskal herritarren artean harreman sozial eta kulturalak sustatzea du helburu. Bertako kideek italieraz dakite, eta hizkuntzari zein kulturari lotutako ekimenez gozatzen dute, afariak, kontzertuak, solasaldiak… eta bestelako jarduerak antolatu ohi baititu elkarteak.

Tartean, gaur bertan abiatuko duten zikloa. Aurtengoa bigarren edizioa izango da, eta filmen proiekzioez gain, hitzaldiak eta eztabaidak ere eskainiko ditu. Italiako zinemaren zertzelada txiki bezain esanguratsu bat gurera ekartzeko asmoz, Leonardo Sciascia siziliar idazleari eskainitako omenaldiarekin hasiko dute zikloa gaur bertan, urriak 30, 18:00etan Koldo Mitxelena kulturunean. Bertan, Francesco Rosi zinemagileak 1975ean estreinatu zuen Cadaveri eccellenti lana emango dute, eta saioaren aurkezpena zein ondorengo eztabaidaren gidaritza Maurizio Regosa italiar idazle eta kritikariak egingo du. Azaroko eta abenduko filmak ere idazle beraren eleberrietan oinarrituta egongo dira.

Horrez gain, mafiaren fenomenoari eskainitako bi saio ere egingo dituzte martxoan: hilaren 25ean Marco Tullio Giordanaren I cento passi (2000) lana emango dute 19:00etan; filmak Peppino Impastatoren bizitza du aztergai. Familia mafioso batean jaio zen Sizilian, baina haren aurka borroka egitea erabaki zuen, eta publikoki azaldu zuen bere jarrera, ausaldia handiko erabakia. Haren ama Feliciak eta anaia Giovannik jaso zuten borroka horren lekukoa, eta hain zuzen ere, Giovanni Impasatato anaia izango da hurrengo egunean, martxoaren 26an, leku eta ordu berean egingo duten Mafiaren fenomenoa Italian: iragana, oraina eta etorkizuna solasaldian, Iñigo Dominguez idazle eta kazetariarekin, eta Ornella Tirone Palermoko LiberaMente kooperatibako kidearekin batera.

Filmen emanaldiak maiatzera arte luzatuko dira, eta ekainean, zikloari amaiera borobila emateko, AperiConcerto izeneko ekitaldia egingo dute. Eguna eta lekua zehazteke dituzte oraindik.

Egitarau osoa:

Urriaren 30ean, asteazkena, 18:00etan Koldo Mitxelena Kulturunean

  • Filma: Cadaveri Eccellenti (Francesco Rosi, 1975).
  • Gidoia: Leonardo Sciascia idazlearen Il contesto eleberrian oinarrituta.
  • Maurizio Regosa idazle eta kritikariaren sarrera, eta berak gidatuko du ondorengo solasaldia.

 

Azaroaren 21ean, osteguna, 18:30ean Koldo Mitxelena Kulturunean

  • Filma: A ciascuno il suo (Elio Petri, 1967)
  • Gidoia: Leonardo Sciascia idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta.

 

Abenduaren 12an, osteguna, 18:30ean Koldo Mitxelena Kulturunean

  • Filma: Il giorno della civetta (Damiano Damiani, 1968)
  • Gidoia: Leonardo Sciascia idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta.

 

Urtarrilaren 22an, asteazkena, 18:30ean Koldo Mitxelena Kulturunean

  • Filma: Don Camillo (Julien Duvivier, 1952)
  • Gidoia: Giovannino Guareschi idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta.

 

Otsailaren 19an, asteazkena, 18:30ean Koldo Mitxelena Kulturunean

  • Filma: Lo scopone scientifico (Luigi Comencini, 1972)

 

Martxoaren 25ean, asteazkena, 18:30ean Koldo Mitxelena Kulturunean

  • Filma: I cento passi (Marco Tullio Giordana, 2000)

 

Martxoaren 26an, osteguna, 19:00etan Koldo Mitxelena Kulturunean

  • Solasaldia: Mafiaren fenomenoa Italian: iragana, oraina eta etorkizuna.
  • Solaskideak: Iñigo Dominguez idazle eta kazetaria, Giovanni Impastato Peppino Impastatoren anaia eta Ornella Tirone Palermoko LiberaMente kooperatibako kidea.

Apirilaren 22an, asteazkena, 18:30ean Koldo Mitxelena Kulturunean

  • Filma: Buongiorno notte (Marco Bellocchio, 2003)
  • Gidoia: Anna Laura Braghetti eta Paola Tavellaren Il prigioniero eleberrian oinarrituta.

 

Maiatzaren 20an, asteazkena, 18:30ean Koldo Mitxelena Kulturunean

  • Filma: Il divo (Paolo Sorrentino, 2008)

 

Ekaina. AperiConcerto ekitaldia (lekua eta ordua zehazteke).