Zuzendaria: Galder Gaztelu-Urrutia
Herrialdea: Euskal Herria
Urtea: 2019

-Hiru pertsona-mota daude: goikoak, behekoak, eta zulotik erortzen direnak

EL HOYO-k, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. asteari hasiera eman dion filmak, krisi egoera kolektibo batean ezartzen diren jokabide sozialak azaleratzen ditu. Galder Gaztelu-Urrutia zuzendari bilbotarrak dagoeneko ibilbide ezaguna daukan arren – 913 (2004) eta La casa del lago (2011) laburmetraiak eta publizitate lan ugari zuzendu ditu- zientzia fikziozko azken film honek bilakatu du ospetsu. Bere hitzetan, “Ironiaz eta umore beltzez josia dagoen thriller soziala sortzea zen helburua. Inor ere axolagabe utziko ez duena”.

Goreng esnatu eta preso dagoela konturatuko da. Amesgaizto bat balitz bezala, bere gela kideak, Trimagasik, non dagoen eta egoera zein den azaldu beharko dio:  Hainbat pertsona daude egitura bertikal horretan preso. Bi pertsona solairu bakoitzeko, auskalo zenbat soilairu diren guztura. Bakoitzak objektu pertsonal bakar bat gorde dezake. Janaria hormigoizko plataforma batean jaisten da, egunero, erdigunean dagoen zulotik. Zenbat eta beherago, orduan eta janari gutxiago. Eta hilabetero preso bakoitzari solairu desberdin bat egokitzen diote. Sinpleak baina krudelak, horrelakoxeak dira EL HOYO-ko arauak.

Filmak buruhauste etikoak mahaigaineratzen ditu uneoro. Zer eginarazten digu bizirik irauteko premiak? Posible ote da horrelako egoera larrian guztiok bizirautea ahalbidetuko lukeen kate solidarioa ezartzea? Edo posible ote da elkarlanean sistemari aurre egin eta EL HOYO-tik ateratzea? Istorioan zehar indarkeria momentu asko eta elkarrizketa klasista edo arrazista ugari aurkitzen baditugu ere, taldearen helburua bestelakoa zen: “Mezua beste bat da, erantzukizuna beti gurea dela adieraztea. Ikusleek hau hasieratik ulertzea espero dugu”.

David Desola eta Pedro Rivero gidoilariek prentsaurrekoan aitortu zuten bezala, proiektua hasieran antzezlan modura bideratu zuten arren, Galder Gaztelu-Urrutiarekin (zuzendaria) eta  Carlos Juárezekin (Basque Filmseko ekoizlea) elkarlanean hasi zirenean, abiapuntu hau gidoi zinematografiko bihurtu zuten: “Bi urte igaro genituen gidoia guztion artean garatzen eta hala ere, filmaketan aldaketa asko egin genituen. Azken finean, aktoreek berea egin zuten istorioa eta askatasun handiz antzeztu zuten. Famili handi bat bezala sortu dugun lana da”.

EL HOYO-k pertsonaia gutxi dituen arren, bakoitzak garrantzi handia du. Horregatik, ibilbide luzea duten aktoreek hartu dute parte proiektuan: Ivan Massague, Antonia San Juan, Zorion Egileor, Emilio Buale eta Alexandra Masangkay, besteak beste. Eta filmaren estetika hain dago zaindua non Zorion Egileor bera harritu egin zen filma ikustean: “Ezin nuen sinistu nola nazka sorrarazi beharko luketen irudi askok lilura sorrarazten duten. Galderri aitortu beharreko meritua da hori”.

Sitges Film Festivaleko 52. edizioan film onenaren saria irabazi eta Torontoko zinemaldiko Midnight Madness saileko publikoaren saria lortu ondoren, irabaziko ote du Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiko ikusleen saria film luze onenari? Azaroa 8an iritsiko da pantaila handira elkartasunaren inguruko gogoeta hau. Prest zuloan sartu eta bizirik irautearren zer egiteko gai zaren frogatzeko?