Elorrioko Arriola Antzokiak film laburren  24 Ordu Digitalean lehiaketaren edizio berri bat aurkeztu du, multimediaren munduaren zaletuak diren horiei parte-hartze formula berri bat ireki asmoz. Azaroaren 1etik 2ra egingo dute aurtengoan, eta zabalik da jada izena emateko epea.

24 orduko iraupena duen erakusketa-lehiaketa baterako deialdia da honakoa: parte hartzaileek oinarri zehatz batzuk jasotzen dituzte, eta horietatik abiatu behar dira 24 ordutan lanak asmatu, grabatu, editatu eta esportatzeko. Multimediaren esparruan parte-hartze eta sorkuntza bide berriak zabaltzea da lehiaketaren helburua, eta lan-taldeak sortu eta teknologia berriekin esperimentatzeko deia egin dute antolatzaileek.

Oinarri bakan bezala, egunean bertan zehaztutako esaldi, objektu eta gai zehatz bat agertu beharko dira parte hartzaileen film laburretan, eta talde bakoitzak nahierara antolatu beharko du produktua bukatu eta entregatzeko beharrezkoak diren egin behar artistiko zein tekniko guztiak. Azaroaren 1ean, arratsaldeko 17:00etan, Arriola Antzokian proposatuko dute gaia antolatzaileek, eta toki berean aurkeztu beharko dira lanak 24 ordu beranduago. Azaroaren 2an bertan, gaueko 22:00etan, Arriola Antzokian egingo duten ekitaldiak jasoko du lan guztien emanaldia, eta proiekzio guztien ostean egingo dute ere sari banaketa: 700 euroko lehen saria, eta 500 euroko bi sari, finalistentzat.

Euskal Herri osoko talde edo norbanakoak aurkezten dira urtero, batez ere Durangaldetik, batzuk lehenago egonak dira eta beste batzuentzat lehiaketa batean parte-hartzen duten lehen aldia izan ohi da. Edonola ere, ongi pasatzeko aukera paregabea eskaintzen du lehiaketak!

Izena emateko eta informazio gehiagorako, idatzi 24ordu@arriolaka.eus helbidera.