Zinebik jaialdiak azaroaren 8an inauguratuko du bere 61. edizioa, Ohorezko Mikeldi bi emanez Claire Simon zinegile frantsesari lehenengoa, eta iragarri berri duten eta Wang Bing txinatarrari bigarrena. 29 herrialdetako 57 film laburrek hartuko dute parte.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak azaroaren 8an, arratsaldeko 20:00etan, zabalduko ditu Arriaga Antzokiaren ateak, Claire Simon zinegile frantses eta Wang Bing zuzendari txinatar ospetsuek, edizio honetako Ohorezko Mikeldia hartuko dutenetako bik, jasoko duten omenaldi bereziarekin. Sra. Polaroiska kolektibo artistikoaren esku egongo da aurten ere ekitaldiaren zuzendaritza artistikoa, eta hitzordu parte hartzailea eta originala izango dela iragarri dute antolatzaileek.

61. edizioaren xehetasunak aurkeztearekin batera iragarri dute gaur Wang Bing zinemagile txinatarra izango dela aurtengo hirugarren Ohorezko Mikeldia jasoko duen profesionala. Ahaztutako Txinaren erretratugileak, Bilbo bisitatuko du Zinebi 61en omenaldia jasotzeko. Jaialdiak bere filmografiako film labur eta ertain esanguratsuenen aukeraketa erakutsiko du, Happy Valley (2009-2011), Coal Money (2009) eta Traces (2014) lanak, hain zuzen ere. Horrez gain, Man With No Name (2010), museoetan eta galerietan, Centre Pompidoun (Paris), Tate Modernen (Londres) eta Reina Sofian, besteak beste, erakutsi den dokumentala, estreinatuko da Bilbon. Proiekzioak eta Wang Bing zuzendariarekin egingo den topaketa Bilboko Arte Ederren Museoan izango dira.

Ohorezko beste Mikeldi banatuko dituzte aurtengo jaialdian: Márta Mészáros zinemagile hungariarrari, haren lanaren atzera begirako bat eskainiz; eta Claire Simon frantziarrari, errodatu berri duen Le Village dokumental seriearen Estatuko aurkezpenarekin, Bilboko Institutu Frantsesaren laguntzarekin. Biek bisitatuko dute Bilbo, ikus-entzuleekin elkartzeko.

Nazioarteko lehiaketa

131 herrialdetatik etorrita deialdira aurkeztu diren 3.921 film laburretatik, 57 film aukeratu dituzte Sail Ofizialean parte hartzeko, Jaialdiko Sari Nagusia eta fikzio, animazio eta dokumental onenaren Mikeldiak lortzeko borrokan: fikziozkoak (18), dokumentalak (22) eta animazioak (17) dira. Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean 15 dira Espainiar Estatutik heldutakoak, eta horietako 7 euskal zinegileek sinatutakoak dira.

Ondorengoak dira hilaren 8an, Arriaga Antzokian ospatuko den ZINEBI 61eko inaugurazio ekitaldiaren amaieran, proiektatuko diren euskal ekoizpenak:

  • Mateoren ama, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga
  • Regina, Lander Ibarretxe
  • Anti, Josu Martinez
  • Medvedek, Ainhoa Gutierrez
  • Solo son peces, Paula Iglesias eta Ana Serna
  • Artico, Jesus Mª Lazkano eta Josu Venero
  • Xulia, Lur Olaizola   

Orain arte oso ohikoak ez diren herrialdeek ere hartuko dute parte nazioarteko lehiaketan, hala nola, Ghana, India, Kosovo, Libano, Singapur eta Siria. Parte-hartze handia eta askotarikoa izango da, beraz, lehiaketak bere generoan duen nazioarteko dimentsioa egiaztatzen duena. Nabarmentzekoa da, gainera, lehiaketan parte hartuko duten 57 filmetatik 51 Estatu mailako estreinaldi izango direla.

Azaroaren 15ean jakitera emango den ZINEBIren palmaresa sari hauek osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak (7.000 euro), Euskal Zinearen Sari Nagusiak (6.000 euro), Espainiar Zinearen Sari Nagusiak (6.000 euro), fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldiek (5.000 euro), Ikus-entzuleen ETB Sariak (3.000 euro), SGAE-Euskadiko Kontseilua Gidoi onenaren sariak (3.000 euro) eta FAS Zineklubaren Sariak (2.000 euro). Sail ofizialeko sariak Nazioarteko Epaimahai batek erabakiko ditu: Fernando Franco gidoilari, zuzendari eta irakasleak;Nahikari Ipiña ekoizleak; Marcel Jean Annecyko Animazio Zinema Jaialdi ospetsuko zuzendariak; Susana S. Rodrigues programatzaile portugaldarrak; eta Reem Shilleh Palestinako ikertzaile eta idazleak.

Bost kontinenteetako zinegile berrien opera primei eskainitako nazioarteko lehiaketaren laugarren edizioan, ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) atalean, bederatzi film arituko dira, 12.000 euroko saria emateko lehian. Aukeratutako lanak zinemaldi garrantzitsuenetatik igaro dira jada, Buenos Airesetik (BAFICI, Argentina), Berlinetik (BERLINALE, Alemania), Locarnotik (Suitza), Veneziatik (Italia), Torontotik (TIFF, Kanada) edo Visions du Réel-etik (Nyon, Suitza), eta ZINEBIn izango dute Estatuko estreinaldia. Aurten, berrikuntza gisa, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) eta beste ikastetxe batzuetako 18 ikaslez osatutako epaimahai batek banatuko du ZIFF – ZINEBI FIRST FILM sekzioko Epaimahai Gaztearen Saria, 2.000 euroko ordainsariarekin.

Ohi bezala, hainbat atal paralelok eta haurrei zein publiko zabalari zuzendutako emanaldi bereziek osatuko dute egitaraua. Aurten ere, jaialdiak hainbat egoitza izango ditu: Arriaga Antzokia, Golem – Alhondiga zine-aretoak eta Azkuna Zentroko Auditorioa, BBK Aretoa, Arte Ederren Museoa eta Campos Antzokia. Azkuna Zentroko Auditorioan eta Golem – Alhondiga zine-aretoetan emango diren proiekzioetarako banakako sarrerak (4,5 euro) eta 10 saioko bonoak (35 euro) urriaren 28tik aurrera eskuratu ahal izango dira, Golem zine-aretoetako txarteldegian. Berrikuntza gisa, edizio honetan, ZINEBIk bono bereziak aterako ditu erretiratuentzat (60 urtetik gorakoak), langabetuentzat eta 26 urtetik beherako ikasleentzat. Bono merkeago horrek 20 euro balioko ditu (10 sarrera).