Azken urteetako joera gorakorra indartu asmoz, bueltan da IV. Getxo Express Lehiaketa. Urriaren 25etik hasita, 42 orduko epea izango dute parte hartzaileek beren lanak asmatu, errodatu eta ekoizteko.
Inoizko egitarau potoloena atondu dute asteburuan ospatuko den jaialdirako, lehiaketa hutsa izateaz harago, askotariko jarduera kultural zein artistikoak bilduko dituen erreferentziazko hitzordua bilakatzeko asmoz. Urriaren 25ean, ostiralean, abiatuko dute, 18:00etan. Orduantxe jakinaraziko zaie parte-hartzaileei aurtengo gaia izango dena, eta 42 ordu izango dute beren film laburra pentsatu, grabatu eta produzitzeko. Proiektuak leku berean aurkeztu beharko dira urriaren 27an, igandean, 11:00ak eta 12:00ak bitartean.
Berritasun gisa, GetxoExpress Pro jarduera hartuko du ere aurtengo egitarauak, eta horren bidez, hainbat profesionalen eskutik jasotako irakaspenak zein esperientziak entzun eta trukatzeko aukera izango dute parte hartzaileek lehen aldiz. Ostegunean, urriaren 24ean, ospatuko dute. 17:00etan abiatuko da, Ana Murugarrenen doako hitzaldi batekin, eta ondoren networking saio batez gozatzeko aukera izango dute bertaratuek. Azkenik, hainbat ikus-entzunezkoen egileak bertaratuko dira, beren azken proiektuak aurkeztera:
- Kepa Sojoren Khuruf filmetik, Selene Ibarra produkzio burua
- Tamara Lucariniren No es coma proiektutik, zuzendaria bera eta Josu Angulo protagonista
- Khris Cemberen Soy una tumba lanetik, Ivan Miñambres produktorea
- Asier Urbietaren False Flag filmetik, zuzendaria bera
- Aitor Arenasen La Sra. Jesusmari proiektutik, Iñigo Salinero protagonista
Hasierako hitzaldira zein networking jarduera bertaratu ahal izateko, beharrezkoa da interesdunek izena ematea. Osteko film laburren emanaldietarako sarrera, ordea, doakoa izango da aretoa bete arte.
Sari banaketa ekitaldia
Asteburua sariak emoteko ekitaldiarekin amaituko da. Igandean egingo dute aurten, urriaren 27an, 18:00etatik aurrera. Lander Otaola aktore bilbotarra arduratuko da ekitaldia aurkeztu eta sariak banatzeaz: 1.000 euro film labur onenari, 800 euro bigarrenari eta 300 euro ikusleek hautatutako irabazleari. Sari nagusiez gan, beste sari batzuk ere banatuko dira, besteak beste, Getxotar batek zuzendutako lan onena sarituko duena.