40 urte beteko dira bihar, urriak 25, Gernikako Estatutua erreferendun bidez onartu zutenetik. Urtemuga ospatzeko, ETBk 40 taupada, herri bat (2019) dokumentala estreinatuko du: gaur ETB1en emango dute, 22:00etan; eta bihar, ETB2n, 22:15ean.

Arin, presaka, azkar, bizkor bizi gara, gure bihotz taupadak arin doaz, baina ez diogu inguratzen gaituenari erreparatzen, ez dugu sentitzeko tarterik hartzen.  Baina, une batez, tartea hartuko bagenu? Hori da, 40 taupada, herri bat dokumentalak proposatuko duen ariketa; une batez gelditzeko eskatuko digu, arnasa hartzeko eta gure gizarteak bizi duen ongizate maila baloratzeko. Izan ere, duela 40 urte abian jarritako Euskal Estatutuak hainbat eskumen eman zizkigun. Gure egunerokotasunean barneratuta ditugu jada. Baina ba al dakigu zein onura ekarri zituen?

Gernikako Estatutua 1979ko urriaren 25eko erreferendumean onartu zen. 40 urte beteko dira aurten, eta efemeride berezi horren harira, Iban Gonzalezen gidaritzapean errodatutako dokumental bat osatu dute, honek emandako eskumenen azterketa eta errepasoa egiteko. Une batez geratu, eta zer garen eta nola bizi garen hausnartzeko.

Estatutuak emandako eskumenak irudikatuko dituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat lekutan grabatuta dago dokumentala, eta askotariko esparrutako pertsonei egindako elkarrizketen bitartez ehundu dute kontakizunaren haria: Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria, Enrique Zuazua matematikaria, Maddalen Arzallus bertsolaria, Jon Salvador atleta eta ertzaina, Joseba Aranzabal Osakidetzako Transplanteen koordinatzaile nagusia, Sandra Ramajo Realeko jokalaria, Xabier Uribe-Etxebarria Sherpa enpresako zuzendaria, Txaro Arteaga Emakundeko lehen zuzendaria, Telmo Irureta aktorea eta Jon Maia dantzaria.

Dokumentala aurkezteko, ekitaldi bat egin zuten astelehenean, Bilbon,  Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiaren parte hartzearekin, eta ETBn estreinatuko dute datozen orduetan: gaur ETB1en, 22:00etan; eta bihar, ETB2n, 22:15ean.