Zuzendaria: Diao Yinan

Herrialdea: Txina

Urtea: 2014

-Txinako iparraldeko herri txiki batean-

Tabakalerak larunbat honetan emango dio amaiera Diao Yinan zuzendariaren atzera begirakoari, munduko zinemaldietan genero-zinemaren (noir txinatarra) norabidea markatzen ari den zuzendariaren BLACK COAL, THIN ICE filmarekin. Izan ere, Zabaltegi-Tabakalera + sailean gizartearen dekadentzia erakusten diguten bere bi film ikusi ahal izan genituen orain urte batzuk,  Uniform (2003) eta Night Train (2007); eta aurtengo zinemaldian arrakasta handia izan duen bere azken filmaz gozatzeko aukera izan dugu ere: Nan Fang Che Zhan De Ju Hui (The Wild Goose Lake) lanaz, alegia.

BLACK COAL, THIN ICE filmarekin, Diao Yinanek trama korapilatsuko thriller bat eskainiko digu. Txinako iparraldeko herri txiki batean kokatuko du istorioa, Manchurian, non kaleak hutsak dauden, poluzio eta elurrez beteta. Primerako lokalizazio zinema beltzeko film baten luzimendurako. Hiritarrek inguruko fabriketan egiten dute lan eta, giro ustel honetan, tarte libreetan aisialdirako aukera bakarra dutela dirudi: delitu egin.

Filmaren hasieran, kamarak ikatz meategi batetik datorren kamioi baten bidaia gertutik jarraituko du, ikusleari kamioiak atzeko aldean daraman zama hori zer den asmatzeko gogoa piztuz. Azkenean, ikatz-meategiko langile baten gorputz mutilatua dela baieztatuko duen arte.  Zhang Zili, ikerketa daraman inspektore oldakor eta alkoholikoa, errudun susmagarri batzuen arrastoaren atzetik ibiliko da, baina hauek atxilotzeko ahaleginean, bere bi ofizial lagun hilko dituzte. Orduan, kasutik erretiratzera behartuko dute.

Bost urte geroago, berriz ere kasu horrekin erlazioa duten hilketa batzuk gertatuko dira. Zhang Zili lantegi bateko segurtasun-zaindari lanetan dabilen arren, bere kabuz ikertzen hasiko da biktima guztiak emakume batekin lotura dutela konturatzen denean. Gwei Lun, tindategian lan egiten duen neska gaztea, da misterio handi honen pieza gakoa.  Zinema beltzeko femme fatale guztiek bezala, itxura naive baten atzean hiltzaile-sena ezkutatuko du: izan ere, berarekin maitasun harremanik izan duen gizon orok hilda bukako du. Edo hori da uste duguna.

Zhang Zili emakume misteriotsuari gerturatuko da erantzunak lortu nahian. Biek amodio harreman bati hasiera ematen ari direla badirudi ere, harreman arriskutsu batean bilakatuko da pixkanaka, bakoitzak ezkutuko helburuak baititu: hiltzailea aurkitzearena lehenengoak, ikerlaria nahastearena besteak.

Istorioak aurrera egin ahala, ikuslea adi egon beharko da kasu desberdinen arteko erlazioak zeintzuk diren, azaltzen diren iraganeko mamuak nor diren eta pertsonaien arteko isiltasunek adierazten duten guztia harrapatzeko. Eta, gidoi korapilatsua aparta izan arren, filmaren argazkia da niretzat aipagarriena: Neon argiek eta elur hotzaren kontrasteak irudi ikaragarriak eskaintzen ditu, ikuslea herriaren giro ustelean guztiz murgilduz. Gainera, filmaren soinu banda izotzak, motorrak, eta tiroek osatzen dute. Soinu hauek, eta biolin doinu bat, besterik ez. Ezinegona jasaezina da.Filmaren bukaerak guztiz harrituko du ikuslea, ez baita beste edozein thrillerrena bezalakoa.

BLACK COAL, THIN ICE-k Berlingo zinema-jaialdian Urrezko Hartza irabazi zuen eta Liao Fanek, protagonistak, Zilarrezko Hartza aktore onenari. Zinemaldiko PERLAk sailean ikusteko aukera izan zen ere, eta larunbat honetan, 19:00tan, Tabakalerako pantaila handia ikatz beltzez, elurrez eta neon argiez beteko du.