“Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea ez da soilik filmen proiekzio ekitaldi hutsa, hiriko txoko ugari blaitu eta kutsatzen dituen ekimen kontsolidatua baizik”, jaialdiak 30 urte bete izanaren garrantzia nabarmendu zuen Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotzi ordezkariak aurtengo edizioa aurkezteko egindako agerraldian. Bada, Intsaustik aipatu zuen konsolidazio horren erantzule dira hein handi batean urtetik urtera jaialdira leial bertaratzen diren “benetako protagonistak”, bere publikoa, alegia.

Horiek omentzea izango da efemeride bereziaren ospakizunen helburu nagusia. Udazkenero Antzoki Zaharreko aterpean zein gainerako egoitzetan elkartzen den komunitate bereziak aspaldi zor zitzaion aitortza jasoko du horrela. Josemi Beltran Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen zuzendariak  ere argi utzi digu: “Publikoak egiten du jaialdi hau berezi”. Eta horregatik, 30. edizioko kartel nagusira eraman nahi izan dituzte, haien balioa aintzatesteko.

Bada, ezohiko festibal honen jarraitzaile sutsu horietako hirurengana hurbildu gara gu ere, Maite Illarreta, Juanjo Sambade eta Maddi Garmendiarengana. Abonua eskuratzeko 24 orduko ilara luzea egiten duten eta Antzoki Zaharrean urtero eserleku berean jesartzen diren ikusle fidelak dira. Behin betiko egitaraua jakin gabe igarotzen dute gaua errenkadan, eta egunero-egunero joaten dira aretora, 16:00ak aldera sartu eta goizeko ordu txikitan irteteko. Jaialdiaren inguruan sortu diren ikusle-talde ezberdinetako kideak dira, baina urteen poderioz elkar ezagutzen dute, eta generoko hauetako lanak eskaintzen dituen Donostiako ekitaldia urteko zita garrantzitsua (garrantzitsuena ez bada) bilakatu da haientzat.