Gaur amaituko da aurtengo Kameratoian, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskarazko ikus-entzunezkoen rallyan, parte-hartzeko deialdiaren epea. Izen ematea lehiaketaren web orrialdean egin ahal izango da eguna amaitu baino lehen.

Euskaltzaleen topaguneak eta Euskal Zine Bilerak bat egiten dute euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena indartzeko ekimena den Kameratoiaren antolakuntzan, eta, aurten bigarrenez, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren txapelapean ospatzeko erabakia hartu dute. Hala, urriaren 25etik 27ra ospatuko den euskarazko ikus-entzunezkoen rallyaren izen ematearen azken orduetan sartu gara, eta lehenengo 30ek Lekeitioko Trinkete Aterpetxean egonaldia eta gosaria doan izango dutela iragarri dute.

Gaia urriaren 25ean jakinaraziko zaie lana parte hartzaileei, 26an  abiatuko dituzte grabaketak, eta 27an Ikusgarri zine aretoan aurkeztu beharko dituzte. Gaiaren inguruan hausnartu, gidoia idatzi, grabatu eta irudiak muntatu beharko dituzte, beraz. Sormenezko ariketa honetarako, Lekeitio eta bere kaleak izango dituzte parte-hartzaileek haien lanak aurrera eramateko, eta, noski, filma lasaitasun osoz muntatzeko gune bat jarriko da partaideen eskura.

Sari potoloak lan irabazleentzat

Film labur onenak 1.000 euroko saria jasoko du, eta bigarrenak 600 euro. Horrez gain, publikoa protagonista izango da ikuslearen sariaren irabazlea aukeratuz.

Era berean, Kameratoiko lehen sariaren irabazlea Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Laburbira zirkuitu ibiltariaren parte izango da. Gainera, lehenengo eta bigarren sarituak Durangoko Azokaren barnean antolatzen den DemaSA (Sortzaile Amateurren Dema) lehiaketan parte hartuko dute ere, Euskal Herriko beste lehiaketetako finalistekin batera.