Emakume protagonisten ikuspegia ardatz hartuta, bestelako zinema-irakurketa bat proposatuko du Iruñeko Iturrama auzoko Civivox aretoan atondu duten zikloak. Bueltan dira Zinemako Heroiak, urriaren 7tik urtarrilaren 13ra arte.

‘Little Miss Sunshine’ (2006) izango da zikloan ikusgai izango den hurrengo filma.

Emakumezko protagonisten unibertsora gerturatzeko ekimena da Zinemako Heroiak izenekoa: “iristen zaigun zinemaren zati handi batek genero estereotipo eta rol desberdinak indartzen ditu”, azaldu dute antolatzaileek. Bada, ikuspuntu berri bat azalduko dute urritik urtarrilera bitartean ikusgai izango diren filmek, elkarrizketa eta emakumeen film-unibertsoa aberasten duten beste erreferente batzuen behaketaren bitartez.

Iragan hilaren 8an abiatu zuten emanaldi sorta, Isabel Coixet zuzendariaren La libreria (2018) filmaren proiekzioarekin; eta atzo egin zuten bigarrena, Lee Su-Jin hego korearraren Princesa (Han Gong -Ju) (2013) filma proiektatuz. Datorren hilabetean, hain justu, azaroaren 4ean, programatuko duten Little Miss Sunshine (2006) izango da hurrengoa, eta ondorengoak dira datozen hilabeteetan pantailaratuko dituztenak: Three Billborads Outside Ebbing, Missouri (2018), azaroaren 18an; 80 egunean (2010), abenduaren 9an; Gone with the wind (1939), abenduaren 30ean; eta, azkenik, 9 mois ferme (2013), urtarrilaren 13an.

Filmez gain, Zinemako eta telesailetako andre errebeldeak eta arriskutsuak izeneko ikastaroa ere iragarri  dute ostegunetik aurrera antolatzaileek.  Berdintasunean hezten zinemarekin izeneko topaketak burutuko dituzte ere, DBHko 4. mailako ikasleentzat, interesa duten ikastetxeekin. Iturrama Civivoxeko langileen bitartez bideratuko da izen-ematea.

Ezagutu xehetasun gehiago, hemen.