Zinema berriaren hiriburua bilakatuko du hogeigarrenez Tutera Opera Prima Zinema Jaialdiak, urriaren 25etik azaroaren 2ra bitartean. Emakumeezkoen parte hartzean jarriko du arreta, inoizko rol femenino protagonisten kopuru altuenarekin.

Udazken saioan ospatu ohi dute urtero jaialdia, eta zinemagile espainiarrek film luzeetan egindako debutak oinarri hartzen dituen lehiaketa bakarra da estatuan. Zazpi filmen hautaketa egiten dute, eta honako sariak lortzeko lehian aritzen dira: film onena, zuzendari onena, Castel Ruiz Tudela gazte saria eta epaimahaiaren sari berezia. Lehen aldiz, solik emakumezkoez osatutako epaimahai bat arduratuko da lanak baloratzeaz: Neus Ballus, Paula Garcia Costas eta Carla Simon zuzendariak: Teresa Font muntatzailea; Marta Nieto, Veronica Forque eta Toni Acosta aktoreak, Marina Perezagua idazlea, eta, azkenik, Sara Vitores kazetaria.

Bada, ondorengoak dira Sail Ofizialean lehiatuko diren izenburuak: Abuelos (Santiago Requejo), La Hija de un ladrón (Belen Funes), Ventajas de viajar en tren (Aritz Moreno), Ojos Negros (Marta Lallana eta Ivet Castelo), La filla d’Algú (ESCAC-eko ikasleen lana), La Muerte es solo el principio (Octobel Rodrígez) eta 7 razones para huir (Esteve Soler, Gerardo Quinto eta David Torras). Gainera, zinema espainiarraren historiako zuzendari entzutetsu bat omenduko du jaialdiak, eta, hala, Julio Diamanterenn ‘Los que no fuimos a la guerra’ filmaren proiekzio berezi bat egingo dute.

Bestalde, Film laburren lehiaketa bat izango da, Opera 2, eta itxiera galarako propio atondutako proiekzio berezi bat egingo dute ere Historias de nuestro cine (Antonio Resines eta Ana Perez Lorente). Jaialdiak 65.000€-ko aurrekontua izango du orotara, eta horietatik 14.000€ bideratuko dituzte sari banaketarako.