Latinoamerikako hirien egungo eraikuntzaren errealitatea erakutsiko duen zinema ziklo berezia antolatu du  Nafarroako Filmotekak. Uruguai izango da herrialde gonbidatua, eta bertako zinemagintzaren lagin bat protagonista.

‘Roma’ (Alfonso Cuarón, 2018) filma izango da zikloan proiektatuko duten azkena,

Latinoamerikako Arkitekturako Bienala (BAL), aurten seigarren edizioa ospatzen ari dena, bitarteko bikaina izan da Espainiari -eta baita mundu osoari ere- Latinoamerikako hirien egungo eraikuntzaren errealitatea erakusteko, euren gizarteen eraikuntzak egin behar dituzten arkitekto gazteen obren eskutik.
Bosgarren ediziotik aurrera (2017) Latinoamerikako Zinema jarduera txertatu zen Bienalean, eraikin eta hirietan sortzen eta garatzen den bizitzaren errealitatea ezagutzeko tresna interesgarri gisa. Bada, Nafarroako Filmotekak hartu ditu bere gain ziklo horren emanaldiak.

Orain bi aste abiatu zituzten proiekzioak, eta Paisito (Ana Diez, 2008), La noche de los 12 años (Alvaro Brechner, 2018) eta La estrategia del caracol (1993) filmak izan dira ikusgai dagoeneko. Datorren ostiralean, hilaren 25ean, egingo dute azkena. Saio ezin bereziagoa prestatu dute horretarako: Nafarroako Filmotekak Netflix plataformarekin egin duen lankidetza akordioari esker, Roma (Alfonso Cuarón, 2018) izango da ikusgai.

Cleo gazteari buruz hitz egingo du filmak. Etxeko langile gisa dabil protagonista Roman, Mexiko Hiriko langile-auzo batean. Alfonso Cuarón zuzendari eta gidoilariak orain arte egindako proiektu pertsonalena da. Izan ere, berau hezi duten emakumeei zuzendutako amodio-gutuna da filma. Bere haurtzaroko zatiak berreskuratuko ditu Cuaronek, etxeko gatazken eta gizarte-hierarkiaren erretratu emotibo eta erreala egiteko.