Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen 30. edizioa urriaren 26an abiatuko dute, azaroaren 1era arte. Aurtengo protagonistak jaialdiari nortasuna eta balioa ematen dioten ikus-entzuleak izango dira, 170etik gora abonatu, urtero-urtero hutsik egin gabe bertaratzen diren zinemazale amorratuak. Omenaldi gisa, publiko fidel horren talde argazki batekin osatu dute ere kartel ofiziala.

Josemi Beltran jaialdiaren zuzendariak aitortu digunez, zinema modu kolektiboan eta lagunez inguratuta ikusteak duen xarma aldarrikatzen jarraitzen du festibalak. Horretarako, genero horretako filmen aukeraketa bat egiten dute urtero, eta pixkanaka, etxeko zinemagileen lanak bilakatu dira egitarauko harribitxi erakargarrienak. Berriki Sitgesen saritu duten El hoyo (Galder Gaztelu-Urrutia, 2019) euskal filmaren proiekzioak emango dio hasiera urriaren 26an, eta Aritz Moreno donostiarraren Ventajas de Viajar en tren (2019) thrillerrak itxiko du.

Horiekin batera, Sail Ofiziala osatuko duten gainerako 22 pelikula, film laburrei eskainitako 3 atal, film klasiko baten berreskuratzea, Zinemapelmak ekimena, inaugurazio eguneko desfilea, sorginkeria, folklorea eta ohitura gaiak oinarri izango dituena; kale antzerkia, hainbat erakusketa; irratsaio berezi bat; Fanzineen sorkuntza eta auto-edizio ikastaroa… Denon artean, giro onean gozatzeko moduko egitaraua aurkeztu dute.