Urteetan Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen bereizgarri izan diren kaleko ekitaldiek iraganeko garrantzia berreskuratuko dute jaialdiaren 30. edizioan. Programazioaren xehetasunekin batera aurkeztu dute urriaren 26an abiatuko den ekimenaren egitarau osatua.

“Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea ez da soilik filmen proiekzio ekitaldi hutsa, hiriko txoko ugari blaitu eta kutsatzen dituen ekimen kontsolidatua baizik”, jaialdiak 30 urte bete izanaren garrantzia nabarmendu du Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotzi ordezkariak gaur egindako agerraldian. “Propioa dugun zinemaldi honek mundura zabaldu egiten gaitu”, gehitu du Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako Diputatuak. Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Sustapeneko Zuzendaria eta Josemi Beltran Donostia Kulturako Zine Arduradunarekin batera aurkeztu dituzte gaur datorren ostegunean abiatuko duten edizioaren xehetasunak.

“Denon artean, giro onean, gozatuko dugun filmen aukeraketa berezia izango da aurtengoa. Lehendabiziko aldiz euskal film batekin hasiko eta amaitzeko plazerra izango dugu, gainera”. Hain zuzen, irekiera eta klausura filmak izan dira iragarri zituzten lehenak, orain aste batzuk zabaldutako aurrerapenean: Berriki Sitgesen saritu duten El hoyo (Galder Gaztelu-Urrutia, 2019) euskal filmaren proiekzioak emango dio hasiera urriaren 26an, eta Aritz Moreno donostiarraren Ventajas de Viajar en tren (2019) thrillerrak itxiko du. Horiekin batera, Sail Ofiziala osatuko duten gainerako 22 izenburuak ere aurkeztu dituzte: “Beldurrezko genero japoniarraren aita” den Hideo Nakata zuzendariaren Sadako (2019); banpiro moderno batzuen istorioa kontatuko duen Bliss (2019); komedia kutsu nabarmena duen Rise of the Machine Girls (2019); edota It Comes / Kuru (2019) aztoragarria nabarmendu ditu Beltranek, besteak beste.  “Onartu behar dut programazioa osatzerako unean euskal filmak gailendu direla kalitate aldetik, eta horregatik izango dute garrantzi berezia”, azaldu du.

Horiez gain, film laburren erakusketarako tartea izango da ere jaialdian. Hala, 12 lanek hartuko dute parte Film Laburren Nazioarteko Sailean, eta Publikoaren saria (1.000€), Nazioarteko Epaimahaiaren saria (1.000€) eta Gazte Epaimahaiaren saria lortzeko lehiatuko dira. Horietako batzuk, gainera, Europar Fantasiazko eta Beldurrezko Film Laburren Zilarrezko Méliès saria lor dezakete. Itziar Castro aktoreak, Fernando Iwasaki idazleak eta Elisa McCausland kazetariak hartuko dute bere gain filmak baloratu eta onenak saritzearen ardura.

Nazioarteko lehiaketari gehituko zaizkio ere Animazio Film Laburren saila eta Espainiako Film Laburren Saila. Bederatzi proiektu lehiatuko dira lehenengoan eta zortzik hartuko dute parte bigarrenean, 1.000€ euroko sari bana irabazteko lehian.

Ohi bezala, zinemagintza klasikoaren erreferentea den film bat –¿Quien puede matar a un niño? (Narciso Ibañez Serrador, 1976)- ikusteko aukera izango du publikoak, eta Zinemapelmak egitasmoaren saio berri bat egingo dute ere. Aurtengoan, Bruno Mattei italiarraren Robowar (1988) izango da publikoaren interakzioaren laguntzaz komentatuko duten filma. Azkenik, Folklore Beldurgarria izeneko ziklo bat egingo dutela jakinarazi du, eta gaiarekin lotura zuzena duen Folk Horror: Lo ancestral en el cine fantástico izeneko monografia argitaratuko dutela.

 Pantaila handitik harago

“Egitarauaren antolaketa eta aurrekontuaren banaketari dagokionez, indar berezia jarri dugu urteetan Beldurrezko Astearen sinbolo izan diren kale ekitaldiak berreskuratzeko, baina erabakigarria izan da ere SyFy-ren patrozinioak emandako bultzada ekonomikoa”, adierazi du Beltran arduradunak. Hala, ekitaldi multzoa osatuko duten beste hainbat ekintza osagarri iragarri ditu ere: inaugurazio eguneko desfilea, sorginkeria, folklorea eta ohitura gaiak oinarri izango dituena; kale antzerkia, hainbat erakusketa; irratsaio berezi bat; Fanzineen sorkuntza eta auto-edizio ikastaroa…

Ezagutu xehetasun gehiago hemen.