Euskal Herrira itzuli berri den Alfonso Etxegarai ETAko kide ohiak 33 urte eman ditu Afrikan deportaturik. Etxeratze prozesu hori kontatu nahi du Adabaki Ekoizpenak bultzatutako Caminho longe dokumentalak, eta crowdfunding kanpaina abiarazi dute horretarako.

Alfonso Etxegarai Atxirikak (Plentzia, 1958) bizitzaren erdia baino gehiago eman du Sao Tome eta Principe irla txikian. 1985ean Frantziak deportatu zuen eta Espainiako agintariek Ekuadorrera bidali zuten. Han torturatu zuten eta geroago Sao Tomera igorri. Ordudanik linbo legal batean egon da, pasaporterik eta bisarik gabe. Kristiane Etxaluz izan du ondoan, hanka bat Euskal Herrian eta bestea Sao Tomen, nekaezin, Alfonso herrira ekarri edo herria Alfonsorengana eramateko jardunean. Etxera itzultzeko unea zuten eta, nahiz eta erabakiak atxilotua izateko arriskua ekarri, bueltako bideari ekin ziotela jakinarazi zuten iragan irailean.

Era berean,  10 urte bete dira aurten Josu Martinezek eta Txaber Larreategik Sagarren denbora dokumentala grabatu zutenetik. Bikoteak bizi zuen egoeraren berri eman zuten orduan, eta itzulera bidaia jaso dute orain Caminho longe izena jasoko duen filmean. Martinez eta Larreategi aritu dira zuzendari lanetan, Hibai Castro Egiak filmatu du eta Adabaki Ekoizpenak taldeak ekoiztu,  IPES, Gastibeltza Filmak eta Zinez eragileen laguntzarekin.

Hain zuzen, ekoizpen prozesu horren ondorioz oraindik kitatu gabe dauden gastuak ordaindu, eta bestelako produkzio-gastuak finantzatzeko bideratuko dute crowdfundigaren bidez jasotako diru ekarpena: hala, talde teknikoa, bidaiak, filmatzea, muntaia, musika, irudi-postprodukzioa, audio-nahasketak eta filmaren amaitzea. Horretarako, diru-ekarpenak egiteko aukera zabaldu dute Verkami plataforman, eta trukean hainbat sari jasotzeko aukera izango dute laguntzaileek.

Zinegileek 25.000 euro behar dituzte pelikula amaitu ahal izateko, eta hilabete amaierara arteko tartea dute diru hori lortzeko. Ondo bidean, 2020ko udaberrian amaituko dute proiektua.